Hau irakurtzen ari bazara, honezkero konturatuko zinen askoz ere modu atseginagoan irakurtzen dela. Batik bat mugikorra edo tableta erabiltzen ari bazara. 6 urte pasatu dira jada gaurkotasun-blog hau martxan jarri genuenetik, eta bazen berritzeko garaia.

Tarte honetan aseguru-munduaren gaurkotasunari buruz aritu gara, bai eta aseguru-mota, estaldura, erreklamazio, istripuen prebentzio eta bestelakoei buruz ere, gure ustez interes orokorreko gaiak zirelako eta gurekin asegurua duzuenengan pentsatzen ari ginelako. Hemendik aurrera hori bera egiten jarraituko dugu, baina beste ‘look’ bat emanez, eta, nola ez, beti bezala zuen iradokizunak jasotzeko prest.

Bloga berritzeko izan dugun arrazoi nagusiena izan da responsive design izatea nahi genuela, hau da, euskarri digital guztietara egokitzea. Orain askoz errazago irakurriko dituzu artikuluak smartphonetik edo tabletatik (ez duzu pantaila handitu behar izango irakurri ahal izateko).

Ikus dezakezunez, diseinua eguneratuago dago. Irudiak garrantzi handiagoa hartzen du eta irakurraldian zehar ondoan duzu menua, eskura izan dezazun. Aldaketa estetikoez gain, atalak ere berritu ditugu intereseko gai gehiago lantzeko eta euskarazko zein gaztelaniazko artikuluak dituen blog elebiduna egiteko.

Hauek dira blogaren atal berriak

  • ZURE ETORKIZUNA GAUR. Zergatik erabiltzen dugu GAUR terminoa? Une honetan etorkizunean ondo egon ahal izateko (aurrezkia, prebentzioa…) egin dezakegun guztiari buruz hitz egin nahi dugulako, bai eta aseguruaren sektorea eraldatuko duten joerak zein teknologiak (insurtech) aztertu nahi ditugulako. Aurrezki-planei eta bizi- zein istripu-aseguruei buruz ere arituko gara, jakina.
  • ETXEKO LASAITASUNA. Etxean egotea eta lasai egotea maite dugunontzat da atal hau. Etxeko aseguruari buruz arituko gara, estaldurei buruz, istripuen prebentzioari buruz, etxebizitzaren inguruko berriei buruz, bizilagun-komunitateei, argiari, urari eta antzekoei buruz.
  • SEGURTASUNA BOLANTEAN. Bide-segurtasunari arreta berezia eskaini diogu beti eta, horregatik, errepideko segurtasunak espazio berezi bat du gure blogean. Automobil-aseguruei buruzko artikuluak argitaratuko ditugu, bai eta prebentzioari, DGTko berrikuntzei eta errepideko laguntzari buruzkoak ere. Azken finean, gidariak, oinezkoak eta bideko gainerako erabiltzaileak ditugu gogoan.
  • IDEIAK ETA AHOLKUAK. Etxe guztiek dute saski-naski bat. Hau da gurea. Eta hainbat gairi buruzko ideia eta aholkuekin betetzea da gure asmoa: elikadura, kirola, osasuna, dendak eta negozioak, oporrak, bidaiak, app-ak, prebentzioa eta abar. Kateorratz baten bila ari bazara, bertan aurkituko duzu!
  • ERANTZUKIZUN SOZIALA: Inoiz esan bezala, enpresako erantzukizunean oinarritutako kudeaketa-sistema berriarekin bat egiten dugu Seguros Lagun Aron. Atal honetan Enpresako Erantzukizun Sozialari buruzko informazio guztia jasoko dugu, orokorrean edota gure aseguru-etxean zein Europako aseguruen sareko beste batzuetan martxan dauden politika aktiboaren ingurukoak.

Irakurrienak eta komentatuenak

Lehiak maite dituztenentzat sailkapen batzuk gehitu ditugu: gehien irakurri diren artikuluak eta komentatuenak.

2016an, blogean gehien irakurri den informazioa urak etxean eragindako ezbeharrei buruzkoa izan da. Horren atzetik dator animalia zinegetikoak harrapatzeari buruzkoa, errenta-aitorpenean desgrabatzen duten aseguruak eta aseguru-etxearen epe luzeko aurrezki-plan indibidualaren aseguru berria.

Gure artikuluetako batzuetan horrenbesteko arrakasta izan duten zuen iradokizunak edo kontsultak bidaltzeko aukera ere mantendu dugu, noski. Ikusten denez, urak kezka handia sortzen digu; izan ere, iruzkin gehien izan dituen post-ak urarekin eta etxeko aseguruekin zerikusia zuena izan da, bai eta atzerrian nola zirkulatu edota etxeko istripuak nola saihestu azaltzen zutenak ere.

Bloga berritzearekin batera, zuen intereseko edukiak argitaratzen jarraitu nahi dugu eta aseguru-etxeetako 10 blog korporatibo onenen artean jarraitzea espero dugu, 2017ko otsailean Interneteko presentziari buruzko Innovación Aseguradorako rankingean adierazi den bezala.

Diseinu berria gustuko duzu? Interesgarriak dira atalak? Zerbait faltan dagoela uste duzu? Zure iradokizunak helarazten badizkiguzu eskertuko dizugu. Laudorioak maite ditugu, baina kritikek hobetzen laguntzen digute 😉