Eskuan sartzen zaigun gailua gure eragiketa-zentro nagusi bihurtzen ari da. Mugikorretik komunikatzen gara, erosketak egiten ditugu, emandako urratsak kontatzen ditugu, etxeko berogailua aktibatzen dugu, eta, duela bi urtetik hona, istripuen adiskidetasunezko parteak Declaración iDEA app-arekin aurkezten ditugu.
Adiskidetasunezko istripu-jakinarazpenerako aplikazioak (iDEA) bi urte bete ditu, eta denbora horretan 10.400 gidarik aurkeztu dituzte trafikoko adiskidetasunezko parteak mugikorretik. Duela gutxi aipatu dizuegun bezala, Declaración iDEA app-a (gauza bera baina modu elektronikoan) 2.0 bertsioan dago jada, eta doan deskarga daiteke bai iOSen eta bai Android-en.
Gaur arte, app-aren 66.000 deskarga egin dira eta 5.200 parte aurkeztu dira bere bidez. Kontuan hartzen baduzu normalean bi ibilgailu daudela ezbeharretan inplikatuta, 10.400 pertsonak erabili dute mugikorra zirkulazio-istripua gertatzen denean gatazka konpontzeko.
App hau erabiltzera animatu nahi zaituztegu, ezbeharra izapidetzea errazago bihurtzen duelako. Batzuek, izan ere, horrela bidali diguzue partea; informazioa aseguru-etxeari helarazteko modu bizkor eta eraginkorra da. Mugikorraren pantailan azaltzen diren menuek aukera emango dizute ukituen datuak, kaltetutako ibilgailuaren parteak edo istripuari buruzko azalpenak sartzeko.
Alderdietako batek partea bere mugikorrean izapidetu ondoren, besteak SMS bat jasoko du jakinarazpenaren edukia egiaztatzeko. Bestela, balidatu edo ez onartu partea declaracioniDEA.es webgunean. Onartu ondoren, automatikoki bidaliko zaie bi alderdien aseguru-etxeei.
Lagun Aron hasieratik bertatik batu ginen UNESPAren ekimen honekin; TIREAk (aseguruen sektorearen hornitzaile teknologikoak) garatu du, eta Espainian automobil-arloan jarduten duten aseguru-entitate guztien eskura dago. Declaración iDEA app-a aseguruen sektoreak sinatutako zirkulazio-istripuetan sortutako kalte materialetarako zuzeneko kalte-ordainari buruzko hitzarmenen barruan sartzen da. Hala, bateragarria da TIREAk kudeatutako Centro Informático de Compensación de Siniestros-en (Cicos) protokoloekin.
Ikus bideo honetan nola funtzionatzen duen app-ak: