Aseguru bat kontratatzea funtsezko erabakia da gure ondasunak eta gure etorkizuna babesteko. Hala ere, askotan, ezjakintasunagatik edo presagatik, garesti atera daitezkeen akatsak egiten dira. Erabaki informatua hartu dezazun, eta etorkizunean arazoak saihestearren, hona hemen auto- edo etxe-aseguru bat kontratatzeko eta ohiko akatsak saihesteko 10 gomendio.

 

1. Irakurri beti polizaren baldintza orokorrak

Jende askok, aseguru bat kontratatzerakoan, ez ditu aseguruaren baldintzak xehetasunez irakurtzen. Prezioari edo oinarrizko estaldurari bakarrik begiratzen dio, eta ez ditu irakurtzen baldintza espezifikoak, hala nola esklusioak edo estaldura-mugak. Garrantzitsua da asegurua sinatu baino lehen irakurtzeko denbora hartzea eta, zalantzarik izanez gero, galderak egitea.

 

Demagun etxe-aseguru bat kontratatzen duzula, ur-iragazketak estaltzen dizkizula pentsatuz. Alabaina, kaltearen jatorria mantentze-falta baldin bada (adibidez, konpondu gabe hilabeteak daramatzan itogin bat), hori polizaren esklusio gisa agertzen da, eta aseguru-etxeak ez dizu estaliko.

 

2. Ez begiratu prezioari bakarrik: konparatu estaldurak

Aseguruan aurreztea tentagarria den arren, estaldura ebaluatu gabe aukerarik merkeena hautatzea garesti atera daiteke epe luzera. Komenigarria da poliza desberdinak konparatzea eta estaldura zure beharretara egokitzen dela ziurtatzea. Merkeagoa den aseguruak babes gutxiago eskain dezake.

 

Demagun auto berri bat erosten duzula, eta, aurreztearren, hirugarrenentzako aseguru bat kontratatzen duzula. Aseguru horrek beste batzuei eragiten dizkiezun kalteak bakarrik estaliko ditu, baina ez zure ibilgailuaren kalteak.

 

3. Deklaratu behar bezala ondasun aseguratuak eta kalkulatu ondo haien balioa 

Askotan, duten balioa baino txikiagoa ematen diegu gure ondasunei, eta, batzuetan, ez ditugu ondasun aseguratuak behar bezala deklaratzen. Horrek arazoak sortzen ditu ezbeharra gertatzean. Ondasunen inbentario errealista egin behar da, eta haien balioa behar bezala aitortu; hau da, kapitalak ondo kalkulatu behar dira, kalte-ordainarekin arazorik ez izateko.

 

Demagun zure etxe-aseguruan adierazi duzula zure etxearen edukiak (altzariak, etxetresna elektrikoak, objektu pertsonalak) 10.000 € balio duela, baina benetan 20.000 € inguru balio duela. Ezbeharra izanez gero, aseguru-etxeak «erregela proportzionala» aplikatu ahal izango du. Horrek esan nahi du edozein kalteren erdia bakarrik ordainduko dizula, balioaren erdia bakarrik aseguratu zenuelako.

 

4. Begiratu ondo zein diren esklusioak eta mugak

Polizek esklusioak edo mugak izaten dituzte estalduretan. Horrek esan nahi du estaldura baten barruan mugak egon daitezkeela, bai eta aseguruak estaliko ez dizkizun inguruabar bereziak ere.

Adibide bat:  etxe-aseguruak «Urak eragindako kalteak» estaldura biltzen du normalean, eta zure etxeko hodi bat libratzea estaltzen du, baina muga bat du. Muga hori erabileragatik eta/edo zenbatekoagatik izan daiteke. Adibidez, gure kasuan, urtean erabilera batera mugatuta dago, eta ezbehar bakoitzeko 300 euroko mugarekin. Aseguru-etxe bakoitzak aseguruaren baldintza orokorretan ezartzen ditu muga horiek.
Estalduraren muga izango litzateke hori.   Nolanahi ere, estalduratik kanpo geratuko lirateke zure etxeko instalazioak gaizki mantentzeagatik urak eragindako kalteak.

 

5. Berrikusi auto-aseguruaren frankiziaren zenbatekoa

Zure autoaren asegurua ezbeharraren kargu egin aurretik ordaindu behar den diru-kopurua da frankizia. Jende askok ez du jakiten gorabeherarik geratuz gero zenbat ordaindu beharko duen. Begiratu ondo frankiziaren zenbateko zehatza zein den, eta hautatu prezioa eta estaldura orekatzen dituen aukera bat, ahalmen ekonomikoaren arabera, ezustekoak saihesteko.

 

Demagun 300 €-ko frankizia duen auto-aseguru bat duzula, eta kolpe batengatik parte bat duzula, konpontzea 500 € kostatzen dena. Aseguru-etxeak 200 € bakarrik estaliko ditu. Lehenengo 300 €-ak zuk ordainduko dituzu.

 

6. Beharrezkoak direnean, kontratatu estaldura gehigarriak

Posible da oinarrizko estaldura batzuek funtsezko estaldurak ez jasotzea, hala nola errepideetako laguntza auto-aseguruetan eta urak eragindako kalteak etxe-aseguruetan. Komeni da aseguru-etxearekin estaldura gehigarriak beharrezkoak diren ebaluatzea, eta pertsona bakoitzaren bizitza-estilora edo eremu geografikora egokitzea.

 

Landa-eremu batean bizi bazara, non animaliekin talka egiteko arriskua dagoen (oreinekin edo basurdeekin, adibidez), horrelako gertakarietarako estaldura espezifikoa kontratatzea gomendatzen da.

 

7. Ziurtatu laguntza-sare ona duzula

Ezusteko bat gertatzen den kasuetan (hala nola trafiko-istripu bat edo etxeko matxura bat), gehien baloratzen dena laguntza azkar eta eraginkorra jasotzea da, edonon zaudela ere. Horregatik, ez da nahikoa zure aseguruak 24/7 laguntza eskaintzea; funtsezkoa da berehala jardun dezaketen profesionalen eta arreta-zentroen sare ona izatea ere.

 

Demagun zure autoak matxura bat duela gauez mendiko bigarren mailako errepide batean zoazela. Zure aseguru-etxeari deitzen diozu, baina hurbilen dagoen garabiak hiru ordu baino gehiago behar ditu iristeko, ez dagoelako hornitzailerik inguru horretan. Edo, are okerrago, ezin dizu arretarik eman, estaldura-erradiotik kanpo zaudelako. Aldiz, laguntza-sare zabal eta efizientea duen aseguru-etxe batek berehala bidali ahal izango dizu laguntza, zauden lekuan zaudela.

 

8. Begiratu polizak gabealdiak dituen ala ez

Gabealdia asegurua kontratatzen duzunetik estaldura jakin batzuk aktibatzen diren arte itxaron beharreko denbora da. Gabealdia osasun- eta bizitza-aseguruetan egoten da batik bat. Gomendagarria da polizak gabealdiak dituen eta zenbat irauten duten galdetzea.

 

Demagun maiatzean osasun-aseguru bat kontratatu duzula eta ekainean kirurgia anbulatorioa behar duzula. Alabaina, estaldura horrek 6 hilabeteko gabealdia du. Horrek esan nahi du azarora arte ezin izango duzula aseguruaren zati hori erabili.

 

9. Erabaki bat hartu baino lehen, hainbat eskaintza konparatu

Poliza bat beste aukera batzuk aztertu gabe kontratatzen baduzu, gerta daiteke gehiago ordaintzea edo estaldura nahikorik ez kontratatzea. Funtsezkoa da erabaki bat hartu aurretik online konparadoreak erabiltzea, bitartekari desberdinekin kontsultatzea edo baldintzak berrikustea.

 

Gerta daiteke bi aseguruk kostu berdina izatea, baina batek errepideko laguntza, lege-aholkularitza eta atzerriko estaldura zabala biltzea, eta besteak ez.

 

10. Jakin ordaintzeko eta berritzeko epeak zein diren

Askok ahaztu egiten dute beren poliza noiz mugaeguneratzen den edo berritzeek nola funtzionatzen duten; horrelakoetan, gerta daiteke asegurua nahi gabe berritzea edo ezereztea. Oroigarriak aktibatzea eta ordainketa- eta berritze-baldintzak berrikustea komeni da. Adibidez, ordainketa zatikatuak edo multiaseguru-kontuengatiko abantailak negoziatzea.

 

Demagun eskaintza hobe bat aurkitu duzula eta aseguru-etxea aldatzea erabaki duzula. Aseguru berri bat kontratatu duzu, baina aurrekoa ezereztea ahaztu zaizu, zeina automatikoki berritzen den. Aseguru-etxeek, askotan, ez berritzeko erabakia idatziz eta gutxienez hilabete lehenago jakinaraztea eskatzen dute.

 

 

Laburbilduz: asegururik onena da zuri ondoen egokitzen zaizuna. Aseguru bat kontratatzea ez da sinatzea soilik; gehien axola zaizuna babestea da. Adierazitako akatsak saihesteak lasaitasuna eta zure bizitzari egokitutako estaldura emango dizkizu. Seguros Lagun Aron, urrats guztietan lagunduko dizugu, tratu hurbil eta pertsonalizatua emanez.