Iraila iritsi da, eta horrekin batera eskolara itzultzeko garaia. Familia osoarentzat emozioz beteriko aldia da, ikaskuntzez eta abenturez beteta etorriko den urte berri baten hasiera. Helduok badakigu itzulera horrek erronkak ez ezik kezkak ere ekartzen dituela. Horregatik, eskolara itzultzean zure familia babesteko aholku batzuk eman nahi dizkizugu; besteak beste, antolakuntzari eta finantza-babes egokiari buruz.
Eskolara itzultzeko prestalanak
Antolatzea funtsezkoa da eskolara ahalik eta modurik errazenean itzultzeko. Errutina berriak ezartzea, dena ondo prestatuta izatea… Xehetasun guztiak dira garrantzitsuak:
Aplikazio lagungarriak
Badira ordutegiak edo material-zerrendak kudeatzen laguntzeko zenbait aplikazio. Adibidez, Google Keep aplikazioarekin, zeregin-zerrendak, oroigarriak eta ohar azkarrak sor ditzakezu, eta familiako beste kide batzuekin partekatu.
Ordutegiak
Ona da jarduera bakoitzerako ordutegi bat ezartzea, dela ikasteko, dela aisiarako. Horrek lagundu egingo die eskola-erritmora berregokitzen.
Eskolako materialak
Egin zerrenda bat eta eskuratu materialak behar besteko aurrerapenarekin, azken orduan presaka ez ibiltzeko eta ezer ez ahazteko.
Errutinak
Eskolak hasi baino egun batzuk lehenago, hasi loaren eta otorduen errutinak berrezartzen, trantsizioa eramangarriagoa izan dadin.
Osasuna eta ongizatea
Oso garrantzitsua da elikadura osasungarri eta orekatua izatea, eta eguna gosari indargarri batekin hastea, jardunaldi osoan zehar energia izateko eta gauetan ondo lo egiteko, ahalik eta errendimendu handiena izatearren.
Segurtasuna ikastetxerako bidean
Funtsezkoa da eskolarako bidean ere segurtasuna bermatuta egotea. Autobusez, bizikletaz edo oinez joan, hona hemen eskolarako bidea segurtasunez egiteko gomendio batzuk:
Eskolako autobusa
Erakutsi seme-alabei autobusari modu seguruan itxaroten, errepidearen ertzetik urrun. Horrez gain, gogorarazi oso garrantzitsua dela ibilbidean zehar ondo eserita eta segurtasun-uhala jarrita joatea.
Mugikortasun pertsonaleko ibilgailua
MPIen erabilera asko zabaldu da –besteak beste, bizikleta eta patinete elektrikoena–, eta ikasle askok halakoak erabiltzen dituzte beren lekualdaketetarako. Bi kasuetan, garrantzitsua da babesak erabiltzea, hala nola kaskoa eta jantzi islatzaileak. Funtsezkoa da, gainera, trafiko-arauak ezagutzea eta ahal den guztietan bidegorria erabiltzea. Gogorarazi, halaber, ez dutela espaloitik zirkulatu behar, horrek arriskuan jartzen baititu bai oinezkoak eta bai MPIen erabiltzaileak. Bizikletei eta patineteei buruzko bideo hauetan, segurtasunez zirkulatzeko aholku gehiago jasoko dituzu.
MPIrako aseguru espezifiko bat kontratatzea gomendatzen dizugu, hirugarrenei eragindako kalteak eta gidariaren lesio posibleak estaltzeko.
Oinez
Oinez badoaz, lagun egin lehenengo egunetan, ibilbiderik seguruenak erakusteko, eta azaldu errepidea oinezkoen pasabideetan zeharkatu behar dutela eta trafikoari adi begiratu behar diotela.
Finantza-babesa
Zure seme-alaben osasuna eta ongizatea zaintzeaz gain, oso garrantzitsua da familia osoa finantzen arloan ere babestea. Bizitza-, istripu- edo etxe-aseguru bat edukitzeak aldea ezar dezake edozein ezustekoren aurrean.
Adibidez, zure etxe-aseguruak eguneroko egoera askotan babes zaitzake, familiaren erantzukizun zibila bezalako estaldurekin. Demagun zure semeak edo alabak, baloiarekin jolasean ari dela, bizilagunaren kristala hautsi duela, eta zure etxe-aseguruak estali egiten duela. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erantzukizun zibila ere konfiguratu eta zure aseguruan sar dezakezu. Hala, patinete elektrikoarekin zoazela oinezko bat harrapatzen baduzu, eta kalteak eragiten badizkiozu, hori ere estalita geratuko da. Baina, gainera, bizitza- eta istripu-aseguruekin, zu eta zure familia egoera larriagoetan ere babestuta egongo zarete, hala nola iraupen luzeko gaixotasunetan edo heriotzan.
Azken batean, aseguru bat edukitzeak lasaitasuna ematen du, jakinik gertatzen dena gertatzen dela babestuta eta bermatuta egongo dela zure egonkortasun ekonomikoa eta zure mende dauzkazun pertsonena.
Babes egokian inbertitzea familia osoarentzat etorkizun segurua segurtatzea da. Gurekin dauzkazun aseguruak berrikustera eta zure familiaren beharretara egokitzen den plan bat pertsonalizatzera gonbidatzen zaitugu, 900 38 08 38 doako telefonoan.