Historiako udarik beroena igaro ondoren, eguraldiaren bat-bateko aldaketekin, muturreko fenomenoekin (ekaitzak, zikloiak, depresio askatuak, suteak eta bero-boladak), itsasoko tenperatura oso altuarekin eta uholdeekin mundu osoan zehar, klima-aldaketa errealitate bat da jada. Horregatik, beranduegi izan baino lehen, galdera bat egin behar diogu geure buruari: zer egin dezakegu egoera hobetzeko? Etxean jasangarritasunez aurrezteko gidaliburu batekin emango diogu erantzuna.

Ingurumena hobeto zaintzeko, ez zaie turismoari eta erregai-kontsumoari bakarrik begiratu behar; geuk ere, etxean bertan, lagundu dezakegu helburu hori betetzen, etxean sortzen ditugun energia-kostuak modu errazean murriztuz. Hain zuzen ere, horretarako prestatu dugu gidaliburu hau: etxean jasangarritasunez aurrezteko.

Energia-etiketak

2021az geroztik, Europar Batasuneko etxetresna elektrikoek Atik Gra bitarteko eskalan katalogatutako energia-efizientziaren etiketak eraman behar dituzte. Sistema horrek sinplifikatu egiten du aurreko araudia, eta –besteak beste– kontsumo elektrikoaren, garbiketa-ziklo bakoitzean erabilitako ur-kopuruaren, biltegiratzeko gaitasunaren edo zarataren arabera sailkatzen ditu etxeko gailuak. Efizienteenek A etiketa berdea eramaten dute; efizientziaren aldetik eskasenek, berriz, G etiketa gorria.

eficiencia energetica

Beraz, produktu bat edo beste bat erosteko aukeratzean, prezioaz gain, haren energia-efizientzia ere baloratu beharko dugu, horrela energia-kontsumoa murriztea lortuko baitugu, eta, horrenbestez, txikiagoa izango baita haren kostu ekonomikoa.

Birziklatzea

Ingurumenari laguntzen saiatzeko, ekologiaren hiruko erregela aplikatzea gomendatzen dute adituek: Murriztea, Berrerabiltzea eta Birziklatzea. Horretarako, murriztu egin behar dugu beharrezkoak ez diren produktuen kontsumoa; berrerabili egin behar ditugu objektuak, ahalik eta balio-bizitza luzeena izan dezaten; eta, posible den guztietan, birziklatu egin behar ditugu materialak.

Egunero izaten da zer birziklatua; horregatik, eginkizun hori errazteko, etxean sistema on bat edukitzea komeni da. Horrela, familiako kide guztiek lagundu ahal izango dute birziklatzen. Zabor-poltsa edo zaborrontzi bat baino gehiago edukiz gero, edukiontzien arabera bereizita, askoz erosoagoa izango da hondakinak sailkatzea. Dendetan erosketak egitean ere ardura handiagoarekin jokatu beharko genuke, eta saihestu beharko genituzke behin bakarrik erabiltzeko produktuak eta plastikozko bilgarri gehiegi dauzkatenak.

Uraren kontsumoa murriztea

Ur gutxiago kontsumitzeak ere laguntzen du etxean aurrezki jasangarria bultzatzen. Hona hemen uraren kontsumoa murrizteko iradokizun batzuk:

  • Bainuontziaren ordez, dutxa erabili.
  • Txorrotak, erabiltzen ez dituzunean, itxi. Adibidez, hortzak garbitzen ari zarenean, ez da beharrezkoa denbora guztia irekita uztea.
  • Txorrotetan aireztagailuak edo atomizagailuak jarri. Kontsumoa murrizten duten pieza txiki eta merkeak dira.
  • Egun osoan edalontzi bera erabili, behin eta berriro garbitzen ibili beharrik ez izateko.
  • Landareak gauez ureztatu, eta ur gehiegi ez bota.
  • Komunaren zisterna ondo erabili. Sakagailu bikoitzekoek ura aurrezteko aukera ematen dute; dena den, ez da beharrezkoa pixa egiten duzun bakoitzean bonba botatzea ere.
  • Beteta dagoenean bakarrik erabili ontzi-garbigailua.

Uraren kontsumoa murriztea dirua aurrezteko modu paregabea da, baina, horrez gain, oso onuragarria da ingurumenerako.

Etxea jasangarriagoa izateko beste urrats txiki batzuk

Etxean jasangarritasuna hobetzeko egiten diren urrats txiki guztiek laguntzen dute etorkizun garbiagoa eta osasungarriagoa izaten. Energia-efizientzia optimoa bultzatzeaz, behar bezala birziklatzeaz eta gure ur-kontsumoa minimizatzeaz gain, hona hemen gure ingurumen-inpaktua minimizatzeko beste ekintza batzuk:

  • LED bonbillak Bonbilla tradizionalek erabiltzen duten energiaren % 90 alferrik galtzen da beroa ekoiztean.
  • Behi-haragiaren kontsumoa murriztea eta palma-olioa saihestea, berotegi-efektuko gasen iturri nagusietako bi baitira, lotuta daukaten baso-soiltzea dela-eta.
  • Hurbileko eta sasoiko elikagaiak kontsumitzen saiatzea, garraioa murrizteko.
  • Erosketa-poltsa berrerabilgarriak erabiltzea eta plastikozko bilgarri gehiegi dauzkaten produktuak saihestea.
  • Termostato adimendun bat instalatzea etxeko tenperatura hobeto erregulatzeko (baita mugikorretik ere).
  • Gailu elektrikoak, erabiltzen ez dituzunean, desentxufatzea.
  • Garraio publikoa, bizikleta edo irristailu elektrikoak erabiltzea, kutsadura murrizteko.
  • Autoa aldatzeko asmoa baduzu, elektrikoa edo hibridoa erosteko unea izan daiteke beharbada.

Etxean jasangarritasunez aurrezteko gidaliburu honetan jasotako ekintza guztiek dute balioa, baita txikienek ere. Izan ere, ez dago B planetarik, eta guztioi dagokigu ingurumena hobetzen laguntzea.