Ekainaren 15ean, Bilbok isuri gutxiko eremua (IGE) aktibatuko du, eta horrek murrizketak ekarriko ditu auto kutsatzaileek lanegunetan 7:00etatik 20:00etara hiriko erdialdetik zirkulatu ahal izateko. Klima-aldaketaren aurka borrokatzeko sortu zen neurri hori indarrean dago jada beste hiri batzuetan, hala nola Madrilen, Bartzelonan, Kordoban, Pontevedran, Coruñan, Sevillan eta Badalonan. Laster, leku gehiagotan aplikatuko da.
Eremu horietan murrizketarik gabe sartzen jarraitu ahal izateko –eta, gainera, klima-aldaketaren aurkako borrokari laguntzeko– aukerarik onena ibilgailu elektriko bat aukeratzea da. 2023an, 125.681 ibilgailu hibrido eta elektriko saldu ziren Espainian; hau da, halako ibilgailuen salmenta % 48,47 igo zen aurreko urtearekiko. Gainera, urteko lehen hiruhilekoan, karga publikoko 1.850 puntu aktibatu dira (lurralde osoan 32.000 puntu daude guztira). Horregatik, Lagun Aron, horrelako ibilgailuentzako gure aseguru espezifikoez gain, errepideko laguntza ere eskaintzen dugu auto elektrikoentzat.
Mugikortasun jasangarriaren onurak
Mugikortasun jasangarriak abantaila ugari eskaintzen ditu ingurumenerako, hirietarako eta pertsonen osasunerako. Onura nagusietako batzuk hauek dira:
- Airearen kutsadura murriztea: Ibilgailu jasangarriek –adibidez, elektrikoek edo hibridoek– ez dute ihes-gasik isurtzen, eta horrek airearen kalitatea hobetzen laguntzen du, batez ere hirietan. Hala, txikitu egiten da arnasbideetako gaixotasunen eta beste osasun-arazo batzuen intzidentzia.
- Osasun publikoa hobetzea: Airearen eta zarataren kutsadura murrizteak inpaktu positiboa du osasun publikoan, txikitu egiten baitu arnasbideetako gaixotasunen, gaixotasun kardiobaskularren eta beste gaixotasun batzuen intzidentzia.
- Berotegi-efektuko gasen isuriak murriztea: Klima-aldaketari laguntzen dion CO2 gasaren isuri nagusietako bat garraioa da. Mugikortasun jasangarriak isuri horiek murrizten eta isurien efektu negatiboak arintzen laguntzen du.
- Zarata murriztea: Ibilgailu elektriko eta hibridoak askoz isilagoak dira barne-errekuntzako ibilgailuak baino, eta horrek murriztu egiten du hirietako kutsadura akustikoa.
- Biodibertsitatea babestea: Petrolioarekiko mendekotasunak inpaktu negatiboa du biodibertsitatean. Mugikortasun jasangarriak inpaktu hori murrizten laguntzen du, energia-iturri berriztagarriak erabiltzen baititu eta erregai fosilak erauzteko beharra murrizten baitu.
Aseguru-etxe gisa ditugun erronkak
Gure esperientziaren arabera, horrelako ibilgailuek ohikoek baino matxura gutxiago dituzte laguntzaren alorrean. Alabaina, horrelako ibilgailuei eman beharreko laguntzaren arrazoi nagusiak dira, besteak beste, karga-akatsak, sistema elektrikoen akatsak eta abio-bateriaren arazoak.
Bestalde, ezbehar-mailan ibilgailu elektrikoei eman beharreko laguntzak karga-arrisku handiagoa dakar errepideko laguntza-sarerako, protokolo zorrotzagoak eta ibilgailuak manipulatzeko segurtasun-material espezifikoa. Gainera, ibilgailuen oinarrian gorde behar dira, aire librean leku itxian eta beste ibilgailuetatik urrun, sute-arrisku handiagoa dutelako. Horrelako ibilgailuen beste berezitasun bat da prestakuntza espezifikoko hornitzaileen sare bat eduki behar dela, auto horien konponketei aurre egiteko prestatuak.
Seguros Lagun Aroren zerbitzu egokituak
Gaur egun, ibilgailu elektrikoen laguntzarako IMA Ibéricarekin batera eskaintzen ditugun bermeek barne hartzen dituzte, besteak beste, bidaiako laguntza eta wallbox motei buruzko aholkularitza. Gure zerbitzuak ibilgailu elektrikoen eta hibrido entxufagarrien erabiltzaileen premia guztiak estaltzeko diseinatuta daude.
Bidaiako laguntza: Zure ibilgailua bateriarik gabe geratu da bidaiaren erdian? Zu ez kezkatu. Gure bidaiako laguntza-zerbitzuak barnean hartzen du zure ibilgailua lekuan bertan kargatzea; edo, behar izanez gero, atoian eramatea hurbilen dagoen karga-punturaino.
Karga-puntuei buruzko informazio-zerbitzua: Zure ibilgailua kargatu behar duzu, baina ez dakizu karga-puntuak non dauden? Informazio xehatua emango dizugu hurbilen duzun karga-puntuari eta haren funtzionamendu-ordutegiei buruz.
Ordezko ibilgailu berdea: Ordezko ibilgailu bat behar izanez gero, ibilgailu elektriko, ibilgailu hibrido entxufagarri edo ibilgailu hibrido bat (ordena horretan) entregatzea lehenetsiko dugu ibilgailu aseguratua elektrikoa edo hibrido entxufagarria duten bezeroentzat.
Aholkularitza espezializatua:
- Zure bizimoduaren eta premien arabera egokiena den ibilgailu-motari buruzko gomendioak.
- Wallbox motei eta kable elektrikoei buruzko informazio xehatua, baita garaje komunitarioetan instalatzeko prozedurak eta erregulazioak ere.
- Ingurumen-etiketei eta isuri gutxiko eremuei buruzko orientazioa, zenbait hiritako sarbide-mota eta -murrizketak barne.