Urtero gauza bera gertatzen da: Black Friday eta Gabonak hurbiltzearekin batera, gu tentatzeko diseinatuta diruditen deskontu pila bat iristen zaigu. Egia da eskaintza horietako asko sekulako pagotxa direla… baina beste batzuk justu kontrakoa dira. Merkatutako milaka produkturen artean, badira webgune faltsuak, iruzurrezko iragarkiak, eta “Ordaindu” botoian klik egin orduko desagertzen diren orriak ere.
Jende guztiak gehiago erosten duenean, iruzurrak ere ugaritu egiten dira. Horregatik, maukak ziztu bizian erostera joan baino lehen, merezi du segundo bat gelditu eta erosketa non egiten ari garen ondo begiratzea.
Zer dago webgune fidagarrien atzean?
Batzuetan, xehetasun txikietan egoten da erosketa seguru baten eta disgustu baten arteko aldea. Begiratu webguneak konexio segurua duen, diseinu koherentea duen, testuak ondo idatzita dauden, kontaktua egiaztagarria den…
Aldiz, prezio ezin baxuagoak aurkitzen badituzu, “azken unitateak!” bezalako gehiegizko urgentziak edo ortografia-akatsak paragrafo bakoitzean, litekeena da webgune hori beste zerbaiten bila ibiltzea.
Erosketak online egiteko, arreta jarri behar da.
Posible da arriskurik gabe ordaintzea ere
Ordainketa-metodoa beste iragazki garrantzitsu bat da. Txartel birtualak, zure datu errealak partekatzen ez dituzten sistemak edo ezagunak diren plataformak aliatu ezin hobeak dira. Ezezagunei egiten zaizkien zuzeneko transferentziak… ez hainbeste.
Gainera, zerbitzu finantzario eta digital askok babesa eskaintzen dute iruzurren edo erosketa problematikoen aurrean. Ez gara produktu zehatzei buruz ari, errealitate bati buruz baizik: gero eta laguntza gehiago daukagu zerbait gaizki joaten denerako. Eta hori lasaitasun estra bat da.
Ez fidatu “egundoko eskaintzez”
Aste hauetan, iruzur ohikoenak mezu urgenteen atzean ezkutatzen dira:
“Zure eskabidea blokeatuta dago”,
“Eguneratu hemen zure datuak”,
“Egin klik bidalketa berresteko”.
Premisa berbera da beti: zuk azkar eta pentsatu gabe jardutea nahi dute. Horregatik, sinplea da lehenengo araua: zerbait arraroa dela iruditzen bazaizu, ez jarraitu. Berrikusi URLa, bilatu iritziak, eta sartu webgune ofizialean zure kontura, ez zalantzazko esteka baten bidez. Minutu estra hori zure inbertsiorik onena izan daiteke.
Zerbait gaizki ateratzen bada, lehenbailehen ekin
Hori da adituek gehien azpimarratzen dutena eta hori da indartu behar dugu mezua. Maula egin dizutela susmatzen baduzu, funtsezkoa da azkar jardutea:
- Blokeatu txartela edo ordainketa-metodoa.
- Jarri harremanetan zure bankuarekin, eragiketa geldiarazten saiatzeko.
- Gorde pantaila-argazkiak, estekak eta mezuak. Dena erabil daiteke froga gisa.
Eta ez zaude bakarrik. Aseguru askok laguntza digitala, orientazioa eta lege-laguntza dituzte horrelako gorabeherak kudeatzen laguntzeko. Kontua ez da dirua itzultzea soilik: garrantzitsua da lasaitasuna berreskuratzea eta aurrerantzean zein urrats egin behar diren jakitea ere. Laguntza profesionala jasotzeak alde handia markatzen du online ezusteko bat izan berri duzunean.
Defentsarik onena minutu bat gehiago hartzea da
Prebentzioa keinu txiki batean laburbil dezakegu: ordaindu baino lehen, gelditu.
Berrikusi webgunearen helbidea, egiaztatu saltegia konfiantzazkoa dela, saihestu wifi-sare publikoak, erabili ordainketa-metodo seguruak… Ez dira aldaketa handiak, baina, hori guztia egiten baduzu, zure erosketak askoz seguruagoak izango dira.
Egia da denok gauza bera nahi dugula: paketea etxera iristea, oparia gogoko izatea eta esperientzia ona izatea. Eta, horretarako, deskontu perfektua aurkitzea bezain garrantzitsua da erosketa lasaitasunez egitea.
Seguros Lagun Aroren blogean, mundu digitalean segurtasun handiagoarekin moldatzen lagunduko dizuten edukiak partekatzen jarraitzen dugu. Erosketaren fase guztietan gaude zurekin: lehenago, bitartean eta ondoren.