Azken urteotan, muturreko fenomeno meteorologikoen gorakada nabarmena izaten ari gara, hala nola bero-boladak eta lehorteak, euri-erauntsiak eta uholdeak. Antzina salbuespenezko gertakariak zirenak gero eta maizago gertatzen dira. Ezohiko gertakari horiek –hala nola Mediterraneoan izan berri diren GOIDIak– klima-aldaketagatik jazotzen dira nagusiki. Horren ondorioz, besteak beste, itsasoaren tenperatura igotzen ari da, eta horrek areagotu egin dezake ekaitz batek denbora gutxian deskargatu dezakeen euri-kantitatea. Erreakzio horiek Espainiako 2024ko klimaren egoerari buruzko AEMETen txostenean daude jasota.
Fenomeno kaltegarri horiek kalte material ugari eragiten dituzte etxebizitzetan, negozioetan, ibilgailuetan eta azpiegitura publikoetan, hala nola errepideetan, zubietan, trenbideetan edo sare elektrikoetan. Zeharkako kalte ekonomiko larriak ere sortu ditzakete.
- Jarduera ekonomikoa galtzea: saltokiak ixtea, fabrikak gelditzea, turismoari eragitea, fakturazio txikiagoa.
- Larrialdi-kostuak eta birjarpen publikorako kostuak: larrialdi-zerbitzuak, azpiegiturak konpontzea, ibilguak garbitzea, sareak birjartzea.
- Kate logistikoak eta ondasun galkorrak etetea, hala nola nekazaritza eta garraioa.
- Osasunaren gaineko eragina eta osasun-kostua: lesioak, ur geldiarekin lotutako gaixotasunak, estres psikologikoa.
- Aseguru-kostuak handitzea: primak igotzea eta baldintzak gogortzea.
Prebentzio-neurriak
Prebentzioak klima-gertakari horien ondorioak arintzen laguntzen du, murriztu egiten dituelako kaltearen probabilitatea eta irismena. Ekintza xume batzuei esker, saihestu edo murriztu egin ditzakegu etxean, autoan edo negozioetan izan ditzakegun arriskuak.
Etxean
- Berrikusi teilatuak eta erretenak euri-denboraldia iritsi baino lehen, ura iragaztea edo pilatzea saihesteko.
- Zigilatu leiho, ate eta sotoak, bereziki uholdeak izateko joera duen eremu batean bizi bazara.
- Deskonektatu gailu elektrikoak ekaitz gogorra eta uholde-arriskua dagoenean.
- Gorde objektu garrantzitsuak goialdeetan eta babestu behe-solairuetako entxufeak.
- Ez utzi objektu solterik terraza edo balkoietan haizealdi gogorrak edo euri-jasak iragartzen direnean.
Autoan
- Ahal izanez gero, ez zirkulatu ekaitz handiak daudenean edo urak hartutako eremuetan; izan ere, urak zuloak estal ditzake edo ibilgailua herrestan eraman dezake.
- Berrikusi aldian-aldian pneumatikoak, frenoak eta haizetako-garbigailuak, bereziki hilabete euritsuenak iritsi baino lehen.
- Eremu seguru eta altuetan aparkatu, zuhaitz, horma edo linea elektrikoetatik urrun.
- Beteta eduki erregai-depositua, mugikortasunari eragin diezaioketen denboraleak iragartzen badira.
Saltokietan eta enpresetan
- Babestu instalazio elektrikoak eta ekipo informatikoak, altuera jakin batean kokatuz.
- Berrikusi drainatze-sistemak eta ziurtatu ez dagoela buxadurarik.
- Izan negozioari jarraitutasuna emateko plan bat: segurtasun-kopiak, jarduketa-protokoloak eta aseguru-etxeekin harremana.
- Aseguratu fatxadak, errotuluak eta estalkiak, haizeak edo euriak ezer ez botatzeko.
- Kontratatu zure jarduerari egokitutako arrisku anitzeko aseguru bat, besteak beste urak eragindako kalteak eta jardueraren etena estaliko duena.
Aseguruaren egitekoa
Kasu horietarako aseguru on bat edukitzea berme bat da; izan ere, babes ekonomikoa ematen du, baina ez du prebentzioa ordezten eta ez du automatikoki dena estaltzen.
Gainera, kalteen aurkako aseguru-poliza bat edo pertsonen aseguru bat badaukazu, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak hartuko ditu bere gain ezohiko fenomeno atmosferikoen ondorioz gertatutako kalteak, hala nola GOIDIaren kasuan.
Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da zure etxerako, zure autorako eta zure enpresarako aseguru on bat edukitzea kontratatuta. Gainera, ezusteko txarrik ez izateko, berrikusi egin behar dira polizak. Ondo informatuta egoteak eta kontratua eguneratuta edukitzeak salbatu egin ditzake zure etxea, zure ibilgailua eta zure negozioa.