Askotan, oporren emozioarekin, ostatua bilatzeko orduan klik egin, eta gehiegi pentsatu gabe egiten ditugu erreserbak. Eta ahaztu egiten ditugu arrisku digitalak: webgune faltsuak, plataformatik kanpoko ordainketak, wifi ez-seguruak… Seguros Lagun Aron, bidaiaz lehenengo kliketik gozatzea nahi dugu. Zibersegurtasun pertsonalaren gida honi esker, iruzurrik gabe egin ahal izango dituzu zure oporraldietarako erreserbak.

1. Egiaztatu lekua eta iragarkia legitimoak direla

Erreserba egin baino lehen, egin urrats hauek: minutu gutxi batzuk baino ez dituzu beharko, eta nahigabe ugari aurrezten lagunduko dizute. Ziurtatu nabigatzen ari zaren orria ofiziala eta segurua dela:

  • Giltzarrapoa daukaten plataforma seguruak soilik erabili, helbidearen hasieran https:// dutenak datuak zifratzeko.
  • Begiratu anfitrioiaren balorazioak: erreseinarik gabeko profilak eta iritziak oso errepikatuta dauzkatenak susmagarriak dira.
  • Egin irudien alderantzizko bilaketa, argazkiak beste iragarki batzuetatik kopiatuta ez daudela egiaztatzeko. Hainbat iragarkitan kokapen desberdinekin azaltzen badira, iruzur-saiakera baten aurrean egon zintezke.

2. Ez fidatu prezio liluragarriekin eta eskaintza urgenteekin

Oporretan erreserbak egiteko erabiltzen den iruzur-metodo ohikoenetako bat prezio ikusgarriekin erakartzea da. Kontuz ibili benetan existitzen ez diren mauka sinesgaitzekin. Konparatu prezioak antzeko ostatuek dauzkatenekin, eta alboratu «azken aukera» edo «berehalako ordainketa» bezalako esaldiak erabiliz presionatzen duten iragarkiak. Egin prezioen bilaketa bizkor bat webgune fidagarrietan, eta, ordaindu baino lehen, kontrastatu.

3. Ez egin ordainketarik appetik kanpo

Hanka-sartze ohikoenetako bat ordainketa erreserba-plataformatik kanpo egiteko aukera onartzea da. Ez egin bizumik, ez zuzeneko transferentziarik. Ordainketak erreserben plataformaren bidez egin behar dira beti: zerbaitek huts eginez gero, ezkutu modukoak dira erreklamazioen aurrean. Plataforma horiek iruzur-kasuetan babesa emateko eta dirua itzultzeko politikak dauzkate.

4. Egiaztatu ostatuaren identitatea eta kokalekua

Eskatu beti helbidea berresteko, eta erabili Street View edo Google Maps ostatua benetan existitzen dela egiaztatzeko. Gainera, anfitrioiarekin harremanetan jartzeko, plataforma soilik erabili, eta ez Whatsapp, Telegram edo helbide elektronikoa; behintzat, erreserba baieztatuta eta ziur eduki arte.

5. Indartu zure gailuak bidaiatu baino lehen

Oporrak dagoeneko erreserbatuta badituzu, maila digitalean ere prestatzea dagokizu orain. Oporraldietan zibereraso gehiago izaten dira, guk gure gailuak ere gehiago erabiltzen ditugulako: mapak, erreserbak, ordainketak, argazkiak… Beraz, irten baino lehen, kontuan hartu gomendio hauek:

  • Eguneratu sistema eragilea eta appak.
  • Erabili bi urratseko egiaztapena (2FA) postarako, sare sozialetarako eta bankarako.
  • Ordenagailu eramangarriarekin edo tabletarekin bidaiatu behar baduzu, aktibatu datuen zifratzea.
  • Ahal dela, ez konektatu pasahitzik gabeko wifi-sare publikoetara.

Horregatik da hain garrantzitsua oporretan zure zibersegurtasuna zaintzea eta zure informazioa babestea.

Zibersegurtasuna, azken batean, pertsona guztien ekipaje ikusezin baina ezinbestekoa da. Bidaiatzea hasieratik izan behar da esperientzia atsegina. Horregatik, segurtasunez bidaiatzeko asmoz besteak beste ibilbidea, hotela eta auto-asegurua planifikatzen ditugun bezala, ingurune digitalean ere antolatu behar dugu gure nortasuna, gure datuak eta gure dirua nola babestu.

Kanpoan zauden bitartean zure etxea zaintzea bezain garrantzitsua delako gozatzen ari zaren bitartean zure online segurtasuna zaintzea. Eta, Seguros Lagun Aron, bidaiaren urrats guztietan egin nahi dizugu lagun, benetako babesa emanez. Baita mundu digitalean ere.