Hiriko mugikortasuna errotik aldatzen ari da. Gero eta pertsona gehiagok aukeratzen dituzte patinete elektrikoak eta mugikortasun pertsonaleko bestelako ibilgailuak eguneroko joan-etorrietarako. Horrelako ibilgailuak praktikoak eta jasangarriak dira, eta ezin hobeto egokitzen dira hiri-bizitzaren erritmora. Baina mugikortasun berri horrek erantzukizun berriak ere badakartza.
Errealitate horri erantzuteko, araudiak eboluzionatu egin du. 2026ko urtarriletik aurrera, indarrean dago 5/2025 Legea, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzkoa. Lege horrek berrikuntza garrantzitsuak ezartzen ditu ibilgailu pertsonal arinentzat, hala nola patinete elektrikoentzat. Berrikuntza horiek ezagutzea funtsezkoa da legearen arabera –eta, batez ere, segurtasunez– zirkulatzeko.
Zer da ibilgailu pertsonal arina, eta zer betebehar ditu?
2025eko urtarrilaz geroztik, Erantzukizun Zibilari buruzko 5/2025 Legeak ibilgailu-talde berri bat definitzen du: ibilgailu pertsonal arinak (IPA), hau da:
«(…) gurpil baten edo gehiagoren bidez lurrean zirkulatzen duten ibilgailuak, plaza bakarra dutenak, motor elektrikoek soilik propultsatuak, 6 eta 25 km/h arteko gehieneko fabrikazio-abiadura eman dezaketenak ibilgailuen pisua 25 kg-tik beherakoa bada, edota 6 eta 14 km/h arteko gehieneko fabrikazio-abiadura eman dezaketenak ibilgailuen pisua 25 kg-tik gorakoa bada. Eserlekua edo zela eduki ahal izango dute bakarrik oreka automatikoko sistema badute».
Talde horretan sartzen dira, besteak beste, patinete elektrikoak, segwayak, hoverboardak eta monoziklo elektrikoak. Aldiz, bizikleta elektrikoak betebehar berri horietatik kanpo geratzen dira.
Hala ere, aldaketa ez da izen-kontu hutsa: betebehar berriak dakartza erabiltzaileentzat, bereziki ibilgailuaren homologazioari eta aseguruari dagokienez.
Zirkulazio-ziurtagiria eta erregistroa: noiz erosi zenuen patinetea?
Zure egoera desberdina izango da patinetea noiz erosi zenuen kontuan hartuta:
- 2024ko urtarrilaren 22tik aurrera erositakoa bada: Nahitaezkoa da homologazioa egiaztatzen duen zirkulazio-ziurtagiri bat edukitzea. DGTko Ibilgailuen Erregistroan identifikatu beharko duzu, zure matrikula eskuratu ahal izateko (“M-1234-ABC” formatua). Ziurtagiri hori gabe, aseguru-etxeek ezingo dute poliza formalizatu.
- Data hori baino lehen erositakoa bada: Ziurtagiririk gabe zirkula dezakezu 2027ko urtarrilaren 22ra arte, baina, hala ere, nahitaezko erantzukizun zibila kontratatu beharra daukazu. Data horretatik aurrera, homologaziorik gabeko ibilgailu guztiak zirkulaziotik kanpo geratuko dira.
Asegurua edukitzea jada ez da hautazkoa
Aurreko urteetan ez bezala, gaur egun nahitaezkoa da erantzukizun zibileko aseguru bat edukitzea. Legeak ezartzen dituen gutxieneko estaldurak oso zabalak dira: 6,45 milioi euro arte kalte pertsonaletarako eta 1,3 milioi eurora arte kalte materialetarako.
Ez da nahikoa etxe-aseguruak estaldura espezifikoren bat barne hartzea. Lege berriarekin, zure patinete elektrikoa 2024ko urtarriletik aurrera erositakoa bada, aseguru espezifiko bat kontratatu behar duzu legezkotasuna betetzeko.
Gainera, kontuan hartu behar da Estatuko araudia hor dagoen arren, udal-ordenantzek ere alderdi garrantzitsu batzuk arautzen dituztela, hala nola zirkulazioa, kaskoaren erabilera edo aparkatzea. Horregatik, hiri bakoitzeko arau espezifikoak ezagutzea komeni da.
Zer estali behar du poliza on batek?
Ibilgailu pertsonal arinerako (IPA) poliza egoki batek nahitaez estali behar ditu erantzukizun zibila (hirugarrenei eragindako kalteak) eta defentsa juridikoa.
Horrez gain, garrantzitsua da estaldura osagarriak ere kontuan hartzea, hala nola gidariarentzako kalteen edo istripuen estaldura.
Eskakizun teknikoak eta zirkulazio-arauak
Araudi berria ez da asegurura mugatzen. Patinete elektrikoak ibilgailu motorduntzat jotzen dira, eta, beraz, zirkulazio-arauak ere bete behar dituzte:
- Debekatuta daukate espaloietatik, oinezkoentzako eremuetatik, autobideetatik edo hiriko tuneletatik zirkulatzea (udalak salbuesten duen kasuetan izan ezik).
- Nahitaezkoa da frenatze-sistema independenteak, ohartarazle akustikoa eta argi/katadioptriko homologatuak erabiltzea.
- Alkohola eta aurikularrak: autoen gidariei aplikatzen zaizkien tasa eta debeku berak aplikatzen dira.
Horren guztiaren helburua da bide-segurtasuna hobetzea eta arriskuak murriztea, bai gidarientzat, bai bidearen gainerako erabiltzaileentzat.
Zer egin behar duzu lehendik bezeroa bazara?
Lagun Arorekin aseguru bat kontratatuta badaukazu:
- Zure IPA 2024ko urtarrilaren 22tik aurrera erosia bada: DGTn erregistratu behar duzu, matrikula eskuratu, eta zure poliza nahitaezko aseguru berrira eguneratu (36. arloa).
- Zure IPA data hori baino lehenagokoa bada: Zure egungo estaldura (500.000 €-ko mugarekin) 2027ko urtarrilera arte manten dezakezu. Nolanahi ere, aurrea hartzea gomendatzen dizugu, eta zure ibilgailua homologatuta dagoen egiaztatzea.
Zalantzarik izanez gero edo kontratatu nahi izanez gero, jarri harremanetan zure bitartekariarekin edo ohiko Laboral Kutxako bulegoarekin, edo gure kanal digitalen bidez.