Voicek, ICMIFen (kooperatiba- eta mutualitate-aseguruen sektorearen mundu osoko organo ordezkaria) mutualitate- eta kooperatiba-aseguruen sektoreko artikulu eta albisteen aldizkariak, elkarrizketa egin dio Pablo Mongelosi, Seguros Lagun Aroko zuzendari nagusiari, bere azken zenbakian. Argitalpenak balio kooperatiboak nabarmentzen ditu aseguru-etxearen arrakastaren eta “mundu hobe bat eraikitzeko” egiten duen bereizketaren oinarri gisa.

VoiceMagazinen 2018ko martxoan argitaratutako elkarrizketa osoa erreproduzituko dugu hemen.

Portada e interior de la revista Voice

Voice aldizkariaren azala eta barrualdea

Munduan jende gutxi egongo da mugimendu kooperatiboan interesa izan eta Arrasate (Mondragon) herriaren entzuerarik ez duena. Arrasate (Mondragon) Bizkaiko golkotik hogei bat kilometrora dago, Euskadin, Espainiaren iparraldeko eskualdean. Arrasatek 20.000 biztanle pasatxo ditu, eta mundu osoan da ezaguna kooperatiba-arloko arrakasta-istorio bikain baten erdigune gisa. Mondragón Corporación Cooperativak (MCC) kooperatiba-federazio ahaltsu baten bidez ondasunak eta zerbitzuak hornitzen dituzten hainbat enpresa kooperatibo indibidual batzen ditu. Munduko oso leku gutxitan dago hain sakon txertatuta negozio-eredu kooperatiboa negozioen munduan nahiz komunitatearen bizitzan. Horregatik, ez da harritzekoa Mondragon taldeak bere aseguru-etxe kooperatiboa izatea, hain zuzen ere, Seguros Lagun Aro.

“Balio kooperatiboak oso garrantzitsuak izan dira nire bizitzan”

Mondragon taldearen historia 1956an hasi zen eta Lagun Arok mende laurden bat geroago, hain zuzen ere, 1982an ireki zituen ateak aseguratzaile orokor gisa. Orduan, Pablo Mongelos Lagun Aroko egungo zuzendari nagusia eskolan zebilen. Pablo Donostiako Unibertsitateko Negozio Zientzietan lizentziatu zen 1988an. Urte hartan, Lagun Arok bizi-aseguruen adarra gehitu zien bere eragiketei. Laster hasi zen unibertsitatean ikasitakoa mugimendu kooperatiboaren zerbitzura jartzen. Fagor Electrodomésticos etxetresnak egiten zituen kooperatibako esportazio-departamentuan hasi zen lanean.

Harridura handirik sortu ez zuen mugimendua izan zen. Lankidetzan erabat murgildutako familia-giroan hazi zen Pablo. Bere aita, Javier Mongelos, gako-figura izan zen Mondragon taldearen lehen urteetan. 2016an hil zenean, federazioko buruzagi garrantzitsuenetakoen moduan goraipatu zuten hileta-liburuek. Javier eraginkorra izan zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan MCCren zuzendaritza estrategikoa ezartzen lagunduz, eta hiru urtez izan zen Mondragon taldeko Kontseilu Orokorreko lehendakari, 1992tik 1995era. Pabloren ama ere, María Luisa, oso aktiboa izan zen Mondragon taldean. ALMENen lan egin zuen, kooperatibaren hezkuntza-adarrean, besteak beste, Pablok bigarren hezkuntzako ikasketak egin zituen ikastetxean. “Egia esan, nire bizitza beti egon da mundu kooperatiboari lotuta”, adierazi zuen. “Lankidetza familiaren antzeko zerbait bihurtzen da”, gaineratu zuen. “Nire ekosistema da”.

Pablo Mongelosek arrastoa utzi zuen Fagor Electrodomésticosen. Esportazio-zuzendari kargua hartu zuen eta gero kooperatibaren zuzendari nagusiaren kargua. Gero, 2006an, zeharkako mugimendua egin zuen Lagun Arora, Mondragon taldearen aseguruen alderdian murgilduz.

“Mutualitate- eta kooperatiba-entitateek munduko gainerako negozioetatik bereizten dituzten puntu positibo bat dute”

Lagun Aro (euskal izena da, eta aseguru-etxeak bezeroen lagun moduan jokatzen duela esan nahi du) Mondragon taldeko Laboral Kutxa kooperatiba-bankuaren jabetza osoaren zati gisa egituratuta dago. Konponketa hori 2011n gauzatu zen. Urte horren aurreko aldia zaila izan zen, munduko finantza-hondoratzeari Espainiak emandako erantzunak etapa jakin batean desmutualizazioarekin mehatxatu zuenean Lagun Aro. Baina Laboral Kutxarekin lotura zuzena izateak merkataritza-onura handiak ekarri dizkio aseguru-etxeari. Orain, aseguru-etxearen produktuak zuzenean merkaturatzen zaizkie bankuaren 1,2 milioi bezeroei eta Lagun Arok Laboral Kutxaren 335 sukurtsaleko sarea erabiltzen du, Euskadin, Katalunian eta Espainia iparraldeko eta erdialdeko beste eremu batzuetan zabalduta dagoen sarea. Laboral Kutxarekin duen banku-aseguru erlazioak Lagun Aroren negozioaren % 80 eragiten du eta beste % 20 artekari eta agenteen bitartez. Banku hartzaileak ere jasotzen ditu onurak. Laboral Kutxa bere bezeroei aseguruetan adituak diren langile espezializatuak eskura jartzen dizkien Espainiako banku bakarra da.

Pablo Mongelos Lagun Aroko aseguru-artekarien konbentzioan, 2017an

Pablo Mongelos (ezkerrean) Lagun Aroko aseguru-artekarien konbentzioan, 2017an

Pablo Mongelosek adierazi du Lagun Aroren merkataritza-integrazioak, 2013an gauzatu zenak, oso ondo funtzionatu duela. “Kontua da arrakasta handia lortu dela eta ez dugula benetako arazorik izan bi banaketa-kanal izateagatik”, gaineratu zuen. Hazteko tartea dago oraindik. Gaur egun, Lagun Arok 360.000 aseguratu ditu, gutxi gorabehera, beraz, tarte handia geratzen da Laboral Kutxaren gainerako bezeroei aseguruak merkaturatzeko.

Azken urte hauetan, ondo etorri den hazkundea izan da bai primen ondoriozko diru-sarreretan eta bai Lagun Aroren errentagarritasunean. Prima garbiak % 3,6 hazi ziren 2016an, 116 milioi eurora iritsiz (140 milioi USD). Automobilen aseguruak negozioaren erdia baino gehiago hartzen du (65 milioi EUR), eta jabetzari egindako kalteen aseguruak ere elementu garrantzitsua dira. Bizi-aseguruek 49 milioi EUR gehigarri sortzen dituzte, negozio osoaren % 30 gutxi gorabehera.

“Hil ala bizikoa da aldaketaren kultura irakastea. Orain inoiz baino gehiago, etengabeko aldaketarako prestatu behar gara”

Dena den, Pablok irmo adierazten du hori ez dela lo geratzeko arrazoia, eta lanean ari da bere erakundea aldaketa sakonetarako prest egongo dela bermatzeko. “Aldaketa handien garai bateko zati garrantzitsuenean gaude. Teknologia berriek eta kontsumitzaileen portaera berriek berrikuntza garrantzitsuak ekarriko dituzte ekonomiaren sektore guztietan,” adierazi zuen. Aseguruak izango dira eraldaketa handienetakoa izango duten sektoreetako bat.

“Une honetan arinago ibili behar dugu”, zioen. Lagun Aro bere bezeroen premia aldakorrak gogobetetzeko gai izango dela bermatzeko betebeharra eta ahal duen guztietan aurreikusteko betebeharra aipatzen ditu. Aseguru-etxearekin komunikatzeko modu berriak eskaintzea da zereginetako bat. Lagun Arok Laboral Kutxaren lineako plataformarekin duen loturak ondo funtzionatu du, eta duela gutxi berritu da (berriz ere Laboral Kutxarekin batera) aseguratuek erabiltzeko telefono mugikorrerako aplikazio bat. Aseguru-etxea automobilak konpontzeko lantegiekin lotura zuzena ezartzen duen aplikazio berritzaile bat garatzen ari da, bazkideei automobil-istripuen ondorioak modu eraginkorragoan maneiatzeko aukera emango diena.

“Garrantzitsua da aurre egin behar diogun aldaketaren zurrunbiloaren erdian gure balio sozialak begien bistatik ez galtzea”

Pablo Mongelosek oso ondo ezagutzen ditu gureganantz oso bizkor datozen teknologia-aldaketa eraldatzaileak eta horregatik hitz egiten du, besteak beste, ibilgailu autonomoek eta Gauzen Internetek aseguru-etxeentzat izango dituen ondorioei buruz. Horrek esan nahi du lan egiteko antolaketek aldaketara irekita egon behar dutela. “Nik uste dut hil ala bizikoa dela aldaketaren kultura irakastea. Orain inoiz baino gehiago, etengabeko aldaketarako prestatu behar gara”, adierazi du.

Baina Lagun Arok eta ICMIF familiako beste aseguru-etxe batzuek mahukan komodin bat dutela ere uste du: sinesmen-sistema kooperatiboko balioak. “Balio horiek oso garrantzitsuak izan dira nire bizitzan”, adierazi du. “Garrantzitsua da aurre egin behar diogun aldaketaren zurrunbiloaren erdian gure balio sozialak begien bistatik ez galtzea. Horiek dira mundu hobe bat eraikitzeko gure harri-koskorra jartzeko aukera ematen digutenak”.

Pablo Mongelos Seguros Lagun Aroko bere egoitzan

Pablo Mongelos Seguros Lagun Aroko bere egoitzan

Familiaren urratsei jarraituz

Pablo Mongelos bost seme-alabatatik laugarrena zen, eta berak ere gurasoen ereduari jarraitu dio bost seme-alaba izanda. Laura alaba zaharrenak 26 urte ditu eta Ander seme gazteenak 18. Familiak oso garrantzitsua izaten jarraitzen du bere bizitzan. Dudarik gabe, aitak mendiagatik sentitzen duen maitasuna partekatzeko moduan hazi dituzte. Ahal duen guztietan aurkitzen du denbora Euskadiko mendietara joateko, bizi den inguruan, eta udako hamabostaldi bat ere bere familiako beste kide batzuekin mendian ibiltzeko hartzen du. “Nire seme-alabekin atzerrira joatea gustatzen zait hamabost bat egunerako, gehienetan aldez aurretik planeatu gabeko ibilbidearekin, etorri ahala inprobisatuz. Aldez aurretik erabakitzen dugun gauza bakarra nora joango garen izaten da. Beste leku batzuen artean, Norvegian, Eskozian, Ingalaterran, Kroazian, Irlandan eta Marokon izan gara”, azaldu zuen.

Baina Pablok Euskadi eta Espainiatik harago duen interesa ez da oporretara mugatzen. Bere kooperatibak luzaroan jokatu du rol aktiboa ICMIF erakundean, ICMIFen Europako organoan eta AMICEn. Izan ere Pablok ez du lankidetzaz soilik hitz egiten, elkar-lankidetzaz ere hitz egiten du. Beste hitz batzuekin esanda, kooperatiben arteko lankidetzaz. “Nik uste dut mutualitate- eta kooperatiba-entitateek munduko gainerako negozioetatik bereizten dituzten puntu positibo bat dutela. Uste dut garrantzitsua dela hori esatea, geure arteko lankidetza ahaztu gabe. Elkar-lankidetza arrakastaren osagai garrantzitsua da”.


Elkarrizketa hau VoiceMagazineren baimenarekin argitaratu da eta eskuragarri dago ingelesez, frantsesez, espainieraz eta japonieraz ICMIF erakundearen web-orrian. ICMIF Aseguruen Kooperatiba eta Mutualitateen Nazioarteko Federazioa da eta Lagun Aro du Espainiako kide bakarra.