Kontratu bat sinatzean, aseguru bat kontratatu aurretik argi eduki behar diren oinarrizko kontzeptu batzuk daude. Artikulu honetan, kontratatzen duzun aseguruaren xehetasunak hobeto ulertzen lagunduko dizuten funtsezko termino batzuk irakur ditzakezu:
Prima
Zeri egiten dio erreferentzia kontzeptu honek aseguruez ari garenean? Produktu hori kontratatzean ordaindu behar duzun prezioa da. Zenbateko hori ordaintzea erabakigarria da kontratatutako estaldurez gozatu ahal izateko.
Muga-eguna
Kontratuaren amaiera-data da; hau da, noiz arte balio duen. Normalean zure polizan hasiera-data bat eta muga-egun bat zehaztuta izango dituzu, estaldura duzun epea adieraziz. Muga-eguna betetakoan, kontratua amaituko da. Oro har, aseguruak urtekoak eta berriztagarriak dira.
Poliza
Poliza aseguru-kontratua da. Sinatzen ari zarenean, aitortu duzunari buruzko erantzukizun bat eta itundutakoa betetzeko konpromisoa hartzen ari zara. Kontratuak sinatzen duten alderdien arteko lotura erakusten du: Alde batetik, aseguratzailea; hau da, poliza zein aseguru-etxerekin kontratatu duzun. Eta bestetik, zu, aseguratua eta aseguruaren estalduren onuraduna. Gorde kontratua nahi duzun guztietan kontsultatzeko.
Estaldurak
Bermea ere esaten zaie, eta aseguru-etxeak ezbehar edo gorabehera baten aurrean aseguratuari zerbitzu bat eskaintzeko edo ekonomikoki kalte-ordaina emateko hartzen dituen konpromisoak dira. Estaldurak kontratuan zehazten dira, eta normalean kontratatzen duzunaren edo estalita duzunaren igurikimen erreal bat izateko ezagutu behar dituzun mugak eta esklusioak dituzte.
Gorabehera edo ezbeharra
Gorabehera edo ezbehar baten aurrean estaldura egoteko, zure poliza edo kontratuaren baldintza orokorretan edo partikularretan jasota egon behar du. Baldintza orokorrak kontratuaren xehetasunak eta estaldura ematen den kasuak jasotzen dituen dokumentua da. Garrantzitsua da jakitea aseguru batek zer babes eskaintzen dizun eta zein inguruabarren aurrean.
Infraasegurua
Egoera hau gertatzen da ondasun baten balioa gutxiesten duzunean, hau da, benetan daukan baliotik beherakoa ematen diozunean. Horrenbestez, uneren batean gorabeheraren bat gertatzen bada, jasotako kalte-ordaina deklaratu denaren araberakoa izango da. Benetakoa baino kantitate txikiagoa deklaratu bada, egoera konpontzeko erregela proportzionala aplikatuko da. Zenbateko aseguratuaren arabera dagokizuna jasoko duzu.
Erreskatea
Kontzeptu hau bizitzako aurrezki-aseguruen esparruan erabiltzen da. Baliteke zure egoera pertsonala aldatzea eta aurreztutako diru guztia edo zati bat berreskuratu behar izatea. Kasu horretan, kontratua aldez aurretik ezeztatzeko aukera daukazu. Jasoko zenukeen kopuruari erreskate-balioa esaten zaio.
Frankizia
Gorabehera bat gertatuz gero aseguratuak bere gain hartzen duen diru-kopurua da. Adibidez, konponketaren kostu osoa 300 eurokoa bada eta 100 euroko frankizia baduzu, aseguru-etxeak 200 euro ordainduko lituzke eta zuk 100 euro ordainduko zenituzke. Ezbeharra 100 euro edo gutxiago kostatuko balitz, zuk hartuko zenuke zure gain konponketa guztia. Frankiziadun aseguru bat kontratatzean aseguruagatik urtero ordaintzen duzun prezioa murrizten da.
Lehen arriskuan
Ohiko modalitate bat da etxeko aseguruetan, eta neurri eraginkorra da infraasegurua saihesteko. Aseguratutako etxebizitza aldez aurretik hitzartu den muga jakin bateraino estaltzean datza.
Azken finean, informazio argi eta ulergarria funtsezkoa da jakiteko zure aseguru-etxearekin zer kontratatzen duzun. Lagun Aron kontzeptu horiek ulertzen eta dituzun zalantza guztiak argitzen lagunduko dizugu.