Europako aseguru-etxeen kaudimena neurtzeko modua berriki aldatu dela esaten badizugu, litekeena da oso argigarria ez izatea. Kaudimena zer den post batean azaltzea ez da erraza, baina ahaleginduko gara.
Nondik dator hau guztia?
Bankuek (izan ere, aseguru-etxeak ere erakunde finantzarioak dira) araudi berrietara egokitu behar izan duten bezala, aseguru-etxeek ere Kaudimena IIra egokitu behar izan dute. Baina hau guztia aspalditik dator. Krisi finantzarioaren aurretik ere, Europako aseguruetarako araudi bateratua egiten hasi ziren. Ordutik 15 urte pasatu dira eta araudi hori indarrean dago 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera. Kaudimena II da.
Zertarako araudi berri bat?
Arriskuak ebaluatzeko eta aseguru-kapitalaren baldintzak kalkulatzeko erregimen berria da Kaudimena II. 2016ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, eta horretara egokitzeko urteetan aritu izan gara lanean.
Aseguru-erakundeek gure gain hartzen ditugun arriskuetan oinarritutako kaudimen-erregimena da, hau da, zenbat eta arrisku handiagoa hartu (gure negozioetan, inbertsioetan etab.) orduan eta kapital gehiago eduki beharko dugu erabilgarri, berme gisa, aseguratuentzat, inbertsiogileentzat eta gizartearentzat, oro har.
Kaudimena IIren helburua da aseguruen sektoreari arriskuak hobeto kudeatzen laguntzeko markoa sortzea, lehiakortasuna handitzea, gure produktuak hobetzea eta gure aseguratuen, inbertsiogileen eta gizartearen kaudimena bermatzea, horretarako gardentasun handiagoa eskainiz, merkatuaren eta arautzaileen eskura informazio handiagoa jarriz.
Eta horrek ez die soilik onura ekarriko aseguru-etxeei, baizik eta kontsumitzaileei ere, arriskuaren kudeaketa prozesu garden bihurtzen baitu. Informazioa hobetuko da eta lehiakortasun handiagoa eta hobea egongo da.
Zergatik da asegurua beste produktu batzuekiko desberdina?
Aseguruak produktu berezi samarrak dira. Ekonomialariek “produkzio-ziklo alderantzikatua” esaten diete, lehenbizi prima kobratzen delako eta gerora ordaintzen delako ezbeharra.
Ohiko produkzio-zikloetan lehenengo kostuak sortzen dira eta gero jartzen diozu horri prezioa. Adibidez, ehuna erosi egiten duzu, gero moztu, josi eta jantzia saltzen duzu hura egiteko gastatu duzuna oinarritzat hartuz. Hala ere, aseguruan lehenbizi prezioa jartzen diozu eta gero sortzen dira gastuak (lehenengo jantzia saldu eta gero egingo bazenu bezala).
Seguros Lagun Arok Estamos Seguros sustapenean parte hartzen du; hor azaltzen duten bezala, produkzio-ziklo alderantzikatu bat dagoenean egoera zalantzagarri bat sortzen da.
Aseguru-etxeak dirua (prima) jasotzen duen unea gastatu beharreko unea (prestazioa ordaindu behar duenean, hau da, itogina konpontzea, automobila jasotzeko garabia bidaltzea, mediku-kontsulta ordaintzea…) baino lehenago gertatzen da; izan ere, askotan bi une horien artean denbora asko iragaten da (hamarkadak ere izan daitezke bizitza-aseguruetan). Horren ondorioz, prima ordaintzen duen bezeroak berme bat edukitzeko eskubidea du; hots, aseguratzaileak gaur dirua dauka, baina baita bihar, etzi edota hogei urte barru ere eduki behar du. Berme hori kaudimena da.
Orduan, nola kalkulatzen da aseguru baten kaudimena?
Kaudimena hiru aldagaik bereizten dute:
- prestazioak ordaintzea: aseguruak prestazio bat ordaintzen duenean, ordaintzeko gai dela erakusten du, hau da, kaudimenduna dela.
- hornidurak: aseguruak gorde egiten du ordainketa hori egiteko beharrezko duen dirua, hau da, inoiz ordaindu beharko duela jakin badaki eta horretarako biltzen ditu funtsak.
- eta ezbehar-tasa. Bezeroari sortutako arazoei ordaina emateaz gain, aseguru-jarduerak aintzat hartu behar du, halaber, “gerta litekeena”. Hau da, ausazko aldagai bat du aintzat: hondamendirik gertatuko da? aldatuko da arrisku-prima? epidemiarik sortuko da?…
Horrek eta beste hainbat faktorek eragina dute aseguruen negozioan, eta ustekabeko galerak ekar diezazkiekete aseguru-etxeei. Horregatik, hain zuzen ere, legeak behartzen ditu aseguru-etxeei kaudimen-marjina izatera, ustekabeko horiei erantzuteko “koltxoiko dirua” izatera.
Legeak kaudimen-funts horiek izan behar duten gutxieneko bat zehazten du, baina aseguru-etxeek gainditu ohi dute gutxieneko zenbateko hori. 2016an, Espainiako aseguru-etxeen funts propioek Kaudimena IIk eskatutako kaudimen-kapitalaren halako bi zeukaten. Seguros Lagun Aroren kasuan, bizitza-kaudimenaren marjina % 227,5ekoa zen eta % 247,6koa bizitzaz kanpokoa argitaratutako azken EES memoriaren arabera. Haiek dira, nolabait esateko kaudimendunak.