Ibilgailu guztiek zirkulatu behar dute hirugarren bati eragin diezazkioketen kalte pertsonalak eta/edo materialak estaltzeko aseguru batekin. Hala ere, atoien kasuan, aseguru bat sinatzeko beharra atoien motaren eta pisuaren arabera aldatzen da.
Lagun Aron zein atoi-mota dauden esango dizugu, horietako zein dagoen estalita atoia daraman ibilgailuaren aseguruaren bidez, eta zein egoeratan eta kasutan izan beharko dituzten beren aseguru eta matrikula propioak.
Zer da atoi bat?
Atoi bat autopropultsiorik gabeko ibilgailua da, ibilgailu traktore batek eramateko diseinatua eta pentsatua; ibilgailu hori izan daiteke, besteak beste, trakzio-kamioia, nekazaritzako traktorea, obretakoa edo turismoa.
Bestalde, erdi-atoiak daude, automobil bati akoplatzeko diseinatuak, baita moto edo bizikleta bati ere.
Atoi-motak
Baimendutako gehieneko masaren (BGM) arabera bereizten dira atoiak; hau da, bide publikoetatik zirkulatzen ari den ibilgailu bat erabiltzeko gehieneko masa.
- Atoi eta erdi-atoi arinak: 750 kg arteko BGM.
- Atoiak eta erdi-atoi ez-arinak: 750 kg-tik gorako BGM.
Nolako atoia aseguratu behar duzu?
Atoi eta erdi-atoi arinen kasuan, erabiliko den ibilgailuaren aseguru-polizan sartzea gomendatzen da.
Atoi eta erdi-atoi ez-arinek, ordea, eramaten dituen ibilgailuaren aseguruaz gain, aseguru espezifiko bat izan behar dute. Indarrean dagoen araudiaren arabera, halakoak ezin dira sartu eramango dituen ibilgailuaren polizan; matrikulatu eta banaka aseguratu beharko dituzu.
Zein atoi eraman dezakezu baimen-motaren arabera?
Ibilgailuak atoian eramateko, B edo B-E motako baimenak izan beharko dituzu; zenbait kasutan, atoiaren pisuaren arabera, B-96 baimena beharko duzu. Hauek dira atoiaren pisu-moten arabera beharrezkoak diren baimenak:
B baimena
Gehienez 3.500 kg-ko BGM duten automobilak, gidariaz gain gehienez zortzi bidaiari garraiatzeko diseinatuta eta eraikita daudenak.
Automobil horiek eraman ditzakete:
- Gehienez 750 kg-ko BGM duten atoiak (atoi arinak).
- 750 kg-tik gorako BGM duten atoiak, baldin eta multzo osoa 4.250 kg-tik gorakoa ez bada. Multzoa 3.500 kg-tik gorakoa bada, gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko proba bat egin beharko da, B-96 baimena izenekoa.
B96 baimena
Gehienez 3.500 kg-ko BGM duen atoia edo erdi-atoia eramateko baimena ematen du. Guztira, atoiak eta ibilgailuak 3.500-4.250 kg bitarteko BGM izan dezakete.
B+E baimena
Gehienez 3.500 kg-ko BGM duen atoia edo erdi-atoia eramateko baimena ematen du. Guztira, atoiak eta ibilgailuak 4.250-7.000 kg bitarteko BGM izan dezakete.