Etxe segurua izatea da jabe ororen kezka nagusia. Jakina, familiek beren etxerako bilatzen duten lasaitasuna lortzeko modurik onena etxeko aseguru bat kontratatzea da. Baina zaintza domotikoko konponbideak instalatuz uztartzen badugu, segurtasun-sentimendua areagotu egiten da.
Zer da domotika?
Domotika, etxe inteligentea, alegia, etxebizitza bat automatizatzeko gai diren sistemen multzoa da. Energia aurrezteaz gain, segurtasun handiagoa ematen du.
Bestela esanda, domotikak bizi-kalitate hobea bilatzen du, zure segurtasun pertsonala eta familiarena bermatzeko. Zure ondasunak babesteko aukera ematen dizu, etxean zaudenean nahiz handik milaka kilometrotara, edozein gailu mugikorri esker edo sarerako sarbidea duen beste edozein gailu elektronikori esker.
Etxe automatizatuak zure familiaren segurtasuna eta lasaitasuna areagotzeko pentsatuta daude.
Klik bakar batekin hauxe egin dezakezu:
- Alerta piztu edo jaso, segurtasun-alarmak aktibatzen badira; horrela egokitzat jotzen dituzun neurriak hartu ahal izango dituzu, esate baterako senide bati edo/eta bizilagun bati abisatzea edota poliziari.
- Etxebizitzan norbait bizi delako itxura egin dezakezu argiak pizteko, pertsianak igotzeko edo jaisteko aukera izango baituzu, besteak beste.
- Segurtasun-sistemak ezartzea, hala nola mugimendua detektatzeko gailuak; horrela, urruti egonda ere, norbait zure etxebizitzan sartzen saiatzen ari den ala ez jakin ahal izango duzu.
- Funtsezko guneetako bideozaintza, zure mugikorretik bertatik kontrolatu ahal izango duzuna.
Konponbide domotikoen abantailetako bat da zure segurtasun-sistema propioa diseinatu ahal izango duzula.
Zure beharren arabera, zure etxera hobekien egokitzen den sistema domotikoa aukeratu dezakezu, bai eta bideoz zaindu nahi dituzun beste gune batzuk ere. Modu horretan, hirugarrenek, hala nola segurtasun-enpresetako langileek, zure kameren kokapena ezagutzea saihestuko duzu.
Gainera, dirua eta denbora aurrezteko aukera ematen dizu. Zaintza-mota hori instalatzea erraza da eta merkeagoa da kostu gehigarririk gabe luzaroago erabil daiteke eta. Egia da hasieran gastua eragingo dutela hardwareagatik. Nolanahi ere, erosi ondoren, ez duzu hileko kuota gehigarririk ordaindu beharko.
Pertsonalizatu zure etxeko segurtasuna
Etxe guztiak berdinak ez direlako, konponbide domotikoek segurtasun-maila desberdinak eskaintzen dituzte. Horietako bakoitzaren errepasoa egingo dugu, gutxi gorabehera zer diren jakin dezazun.
Kanpoko babesa
Segurtasun-maila hau zure etxebizitzaren inguruan mugimendu edo objektu arraroak detektatzeko pentsatuta dago.
- Mugimendu-sentsorea: edozein seinale fisiko detektatzen denean, sentsoreak berak erantzun bat bidaltzen du modu elektronikoan, alarma baten bidez edo zaintza-kamera batean bistaratuta.
- Izpi infragorriko hesia: etxebizitzaren kanpoko aldean sarkinen bat dagoela ohartarazteko balio du, izpiak ikusezinak baitira giza begiaren aurrean.
- Kontaktu magnetikoen bidezko irekiera-sentsorea: etxebizitzetako leiho edo ateetan pareka jartzen dira eta leiho edo ate horiek irekitzen badira aktibatzen dira. Norbait sartzen denean, sentsoreek korronteak zirkulatzeari uztea eragiten dute, eta, horrela, alarma automatikoki aktibatuko da.
- Hots-sentsorea: kanpoko edozein hots detektatzeko gai da.
Barruko babesa
Aurrekoak ez bezala, sistema hauek etxearen barrualdea babesteko helburua dute.
- Presentzia-simulagailua: etxebizitzatik kanpo bazaude, sistema hau etxeko argiak piztu eta itzaltzeaz arduratuko da, etxe barruan norbait dagoelako itxurak eginez.
- CCTV zaintza-sistema: telebista-zirkuitu itxian bideokamerak erabiltzen dira etxean gertatzen denaren berri emateko, egunez zein gauez.
Norberaren babesa
Erabiltzailea arriskuan dagoenean, horrelako sistemek kalte edo istripuetatik babesten dute.
- Izu-botoia: gailu hau haririk gabekoa edo kableatua izan daiteke, eta etxebizitzaren leku estrategiko batean jartzen da, jarduera susmagarriren bat gertatzen denerako. Erabiltzaileak botoia sakatzen duenean, alarma isila aktibatzen du eta seinale bat bidaltzen dio poliziari.
- Laguntza-ohartarazleak: sakatu bezain laster, gailuak seinale bat bidaltzen du laguntza pertsonalerako laguntza-zentro batera.
Alarma teknikoak edo detekziokoak
Etxebizitzan zerbait arraroa gertatzen ari bada gailuren batean akatsen bat izan delako, sistema domotikoak daude arazoa konpontzeko.
- Suteen aurkako alarmak: airean bariazio bat detektatzeko funtzioa dute, eta, ondoren, hori konpontzeko zenbait ekintza egiten dituzte. Gainera, berehala bidaltzen diete seinale bat suhiltzaileei.
- Uholdeen aurkako alarmak: ur gehiegi detektatzen denean, sentsoreak eletrobalbulak aktibatzen ditu eta horiek ur-hornidura eten edo kanpoko irteera baterantz drainatzen dute.
- Gas-ihesaren aurkako alarmak: gas-ihesik izanez gero, sistema aktibatzen da eta gas-hornidurako balbulak ixten ditu.