Erreskate-orria fitxa bat da, istripua izanez gero ibilgailua bizkor eta segurtasunez irekitzeko beharrezkoa den informazio tekniko guztia erakusten duena. Formatu estandar bat dauka, Europa osorako balio duena, eta gainera ibilgailu-modelo bakoitzak berea izaten du.

Erreskate-orria edo -txartela autoan eramatea ondo etortzen da erreskate-zerbitzuentzat, horrela bizkorrago egin ahal izaten dutelako ibilgailuaren ebakuazioa, eta, horrez gain, funtsezko abantaila da ibilgailuan doazenentzat ere. Ikus dezagun zergatik.

Zergatik da garrantzitsua?

Istripu bat gertatzen denean, berebiziko garrantzia du erreakzio-denborak, horren arabera larriki zauritutako pertsona bat bizirik atera baitaiteke edo ez. Norbanakoen biziraupena bermatzeko, istripua izandako unetik ospitalera eraman arteko tarteak ez du izan behar ordubete baino handiagoa. Hortaz, denok ados gaude funtsezkoa dela istripua izandako pertsona askatzeko zereginetan laguntzea, eta lan hori egiteko modurik onena dokumentua edukitzea da.

Erreskate-orriari esker erreskate-zerbitzuek behar bezala jardun dezakete eta ahalik eta azkarren gainera, ibilgailuan doazenak ahal bezain laster eta seguru askatzeko. Besteak beste, ibilgailuaren ebaketa-puntuak zein diren jakiteko aukera emango die, gasolina-tanga edo tentsio handiko puntuak non dauden bezalako faktore garrantzitsuak aintzat hartuz. Gure autoan jartzeko ahalegina egiten badugu, larrialdietako zerbitzuek bizkorrago jokatu ahal izango dute.

Non jarri behar dut erreskate-orria?

Erreskate-orria inprimatzea eta gidariaren eserlekuko eguzki-babesean jartzea gomendatzen da, erraz iristeko modukoa baita eta denbora gutxiago beharko dute lortzeko. Gainera, gomendatzen da haizetakoaren behe-ezkerraldean eranskailu identifikagarri bat jarrita edukitzea, dokumentazio hori badaukagula jakin dezaten erreskate-zerbitzuek. Xehetasun txiki bat baino ez da, ahaleginik eskatzen ez duena eta bizitza asko salba ditzakeena, gure bizitzatik hasita.

Horregatik guztiagatik, erreskate-orriak bizitzak salbatzen ditu inolako zalantzarik gabe eta, gainera, oso ahalegin txikiarekin lor dezakegun zerbait da. Gure ibilgailuari dagokiona bilatu eta behar bezala jarri baino ez dugu egin behar. Keinu txiki horrek, istripurik izanez gero, izugarri lagunduko digu.

SEAT Leon eta Peugeot 3008 HYbrid4 modeloen erreskate-orrien adibideak

SEAT Leon eta Peugeot 3008 HYbrid4 modeloen erreskate-orrien adibideak

Erreskate-orrien zerrenda

Zerrenda honetan erreskate-orriak eskaintzen dituzten fabrikatzaileak azaltzen dira. Kontuan hartu modelo batzuek bakarrik eskaintzen dituztela erreskate-orriak, eta batzuetan ez daudela gaztelaniaz.

Hona Espainian gehien saldutako marken erreskate-orriak deskargatzeko esteka:

Gaztelaniazko erreskate-orriak dituzten beste auto-marka batzuk:

Kontsultatu beste marka eta hizkuntza batzuk Automobilaren Nazioarteko Federazioaren Rescue Sheet webgunean.