Oporretan erlaxatu egiten gara. Beroarekin erdi-biluzik irteten gara hondartzatik eta halaxe hartzen dugu autoa: bainujantzia eta txankletak bakarrik jantzita, ukondoa leihotik aterata, haurra amonaren belaunen gainean dela bidaidearen eserlekuan… Tira, une bat baino ez da-eta… Baina, bazenekien zure eta zure familiaren segurtasuna arriskuan jartzen duen zuhurtziagabekeria dela? Gogoan izan oporretan zaudela eta presarik ez duzula. Hartu behar duzun denbora gidatzen hasi aurretik, autoz bidaiatzea zuhurtziagabekeria izan ez dadin.
Oinutsik, kamisetarik gabe edo bikinian gidatzea ez da segurua
Oinutsik gidatzea gustatzen zaizu, kamisetarik gabe, bikinian… gaizki! Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrak –erabilgarri dago DGTren webgunean– ez du espresuki debekatzen, baina esaten du gidariak ibilgailua kontrolatzeko moduan egon behar duela une oro, eta badirudi horrela jantzita ez dela segurtasuna bermatzen.
Kamiseta, blusa edo alkandora jantzi gabe ere ez duzu gidatu behar. Ez da itxura onarekin gidatzeko arau bat; arau horren helburua da, hain zuzen, istripu bat izanez gero uhalarekin edo airbagarekin egin ditzakezun zauriak eta urratuak saihestea.
Uhala jartzeko keinua ia erreflexuzko ekintza bat da gehienontzat bolantearen aurrean esertzen garenean. Hala ere, batzuek ez dute jartzen bidaia laburretan eta beroa egiten duenean. Halako norbait ezagutzen baduzu, gogoraraz iezaiozu datu hau: 45 km/h-ko abiaduran zirkulatuz uhalik gabe istripu bat edukitzea hirugarren pisu batetik erortzearen baliokidea da. Ziur pentsaraziko diola.
Beti, beti, haurrak beren eusteko sistemarekin
Altxa dezala eskua hondartzarako bidean helduz betetako auto bat helduen belaunen gainean haurrak direla ikusi ez duenak… Halako irudiak orain ere ikus ditzakegu, udan batez ere. Presaka ibiltzea, ibilgailua aldatzea; “eramango ditut nik txikiak, aulkiak eta janaria; osabak eraman dezala eguzkitakoa, amona eta lehengusu handiak…”
Horrela ez. Beti saihestu behar diren bi zuhurtziagabekeria dira: onartutako bidaideak baino gehiago eramatea eta txikiak beren aulkirik gabe. Deserosoa izateaz gainera, ibilgailuan doazenak arriskuan jartzen dituen ohitura txar bat da.
Adingabeen kasuan, are gehiago gainera. 150 cm baino gutxiago neurtzen duten haur guztiek beren aulkian joan behar dute, homologatutako euste-sistemarekin eta beren altueraren eta pisuaren arabera. Aukeratzeko garaian ondo etorriko zaizu aurrez ezagutzea autorako aulkien sailkapena, adinaren araberakoa.
Gidatzea gustatzen zaizu…. besoa leihotik aterata?
Iragarkietako irudi tipikoa da: eguraldi ona, auto berria eta besoa aterata, airea azalaren gainean sentitzeko. Eguzki eta hondartzako eguna izorra diezazukeen 80 euroko isun posible batez gainera, pentsa ezazu literalki besoa gal dezakezula autoa irauliz gero edo beste ibilgailu baten aurka talka eginez gero. Beti saihestu beharreko arriskua da. Gogoan izan, gainera, leihoa bera ibilgailuaren babes-elementu bat gehiago dela.
Kaskoa buruan ibili munduan
Bizitza ken diezazukeen zuhurtziagabekeria bat izateaz gainera, arau-hauste larria da eta 200 euro arteko isuna ekar diezazuke, eta 3 puntu gutxiagorekin utzi gidabaimena. Legeak ez du horretara behartzen motozikleta edo ziklomotorra gidatzen duena bakarrik, bazik eta bidaideak ere bai. Hau da, “pakete” gisa doanak ere kasko babeslea eraman beharra dauka.
1992an kaskoa eramateko betebeharra ezarri zenetik, kaskoa ez bada eramaten trafiko-agenteek motoa ibilgetzen dute, eta, gainera, motoa kendu eta gordailutu dezakete. Nahitaezkoa da euroguneko herrialde ia denetan, baina batez ere, beste ezeren gainetik, zure buruarentzako segururik onena da, traumatismo kranioentzefalikoaren arriskua murrizten duelako istripurik izanez gero.
Bizikletaz zirkulatzeak ere kaskoa eramateko betebeharra du: nahitaezkoa da 16 urtetik beherakoentzat eta txirrindulari guztientzat hiriarteko bideetan zirkulatzean.
Praktika txarrak gidatzean
Oporretara zoazela (edo itzultzen ari zarela) bidean bokata janez aurrera egitea erabaki duzu… Gogoan izan bolantearen aurrean jateak edo edateak mugatu egiten duela erreakzionatzeko gaitasuna eta mugimenduak ere mugatu egiten dituela. Horregatik, egin zure segurtasunaren alde eta gera zaitez hurbilen duzun gasolina-zerbitzugunean indarberritzeko, eta ondoren jarraitu bidaiarekin.
Bistakoa denez, ezin da GPSa manipulatuz joan, ezta whatsapp mezuak bidaliz ere. Bi praktika horiek efikazia kentzen diete gainerako zentzumenei, eta arriskuan jartzen dute gidatzeko prozesua. Gainera, arau-hauste larriak dira: 200 euroko isunak ekar ditzakete, eta 3 puntu kendu gidabaimenari. Hortaz, bidaiari ekin aurretik programatu beti GPSa edo utzi zeregin hori kopilotu on baten esku.
Batzuetan, praktika txar horiek benetan eragiten duten arriskuaren arrisku-pertzepzio txikiagoa izaten dugu errepidean gaudenean.
Beraz, uda izan arren eta oporretan egon arren, bolantearen aurrean jartzen bazara, zuhur jokatu eta pentsatu batez ere zure segurtasunean, inguruan dituzunen segurtasunean, eta, zergatik ez, zurekin errepidea partekatzen dugunon segurtasunean.