Ibilgailuetan gidariari laguntzeko lehen sistemak seriean txertatzen hasi zirenetik, bide-segurtasuna eta gidatze-esperientzia hobetu egin dira. ADAS (Advanced Driver Assistance Systems) edo Gidariari Laguntzeko Sistema Aurreratuak bidaiarien eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko ibilgailuetan txertatzen diren konponbide teknologiko berritzaileen multzo bat dira. Gaur egun, edozein ibilgailu modernotan aurki dezakegun sistema bat da, gidatzean esperientzia errazteko helburua duena. Beraz, ADAS sistema zure laguntzailea da gidatzean, eta ibilgailuaren kontrola ere har dezake istripu bat ekiditeko.
Nahitaezko sistemak
2022ko uztailaz geroztik, araudiak behartzen du matrikulatzen diren ibilgailu berri guztietan teknologia hori zortzi sistema desberdinen bidez txertatzera.
- Logura-detektagailua (DDR). Gidariaren nekea edo logura detektatzen du, eta abisatu egiten dio, beranduegi izan baino lehen arreta berreskura dezan.
- Abiadura-laguntzaile adimenduna (ISA). Auto bat zirkulatzen ari den abiadura kontrolatzen du, eta bideak adierazten dituen seinaleen arabera mugatzen du abiadura hori.
- Trafiko gurutzatuaren alerta (RCTA). Atzeko trafikoa bi aldeetarantz gainbegiratzen du, ibilgailua atzera-martxan ateratzen ari garenean bateriako aparkalekuko plaza batetik.
- Kutxa beltza (EDR). Istripu batean gertatutako datu guztiak erregistratzen ditu.
- Erreia nahi gabe aldatzearen alerta (LDW). Ibilgailuaren ibilbidea egiaztatzen du errei baten barruan, eta, beharrezkoa izanez gero, zuzendu egiten du edo gidariari abisatzen dio.
- Larrialdietako frenatze-sistema (ESS). Autoaren ibilbidean ibilgailurik, objekturik, txirrindularirik edo oinezkorik ez dagoela zaintzen du, eta automatikoki frenatzen du, beharrezkoa izanez gero.
- Abioko inhibitzailea alkoholimetroarekin. Motorra abiarazi aurretik, gidaria etilometro batean arnasa botatzera behartzen du; positibo ematen badu, gidatzea eragozten dio.
- Segurtasun-uhala erabiltzeko alerta plaza guztietan. Gidariak edo bidaiariren batek segurtasun-uhala jarrita ez badauka, abisatu egiten du.
Pixkanaka-pixkanaka ADAS aurreratuagoa gehitzen joango dira, eta horrek pixkanaka automobilak % 100 autonomoak izatea ekarriko du.
Beharrezko kalibrazioak
Gidatze honetarako behar diren sentsore gehienak beira-plaketan kokatuta daude edo zuzenean haiekin lotuta daude, batez ere aurrealdeko beira-plakarekin. Horregatik, haizetakoari eragiten dion konponketaren bat badago, edo beira-plaka ordezten bada, ADAS sistemak kalibratu egin behar dira. Batzuetan modu estatikoan, baina baita modu dinamikoan ere, errepidean kalibrazio-probak eginez, elementu guztiek behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatzeko.
Nolanahi ere, beira-plakak hausten diren kasuetan ez ezik, beste kasu batzuetan ere berritu behar da sistema. Besteak beste, karrozeria konpontzen denean, txasisa aldatzen edo konpontzen denean, ECU (Engine Control Unit) unitatean lan egiten denean edo DAS (Distributed Acoustic Sensing) sentsoreen berrikuspena egiten denean.
Kasu horietan, beharrezkoa da ADAS sistemak kalibratzea, edozein bidaiatan gidatzen ari zarenean zu laguntzen jarrai dezaten eta zure esperientzia eta segurtasuna hobetu ditzaten.
Lankidetza Carglass-ekin
Seguros Lagun Aroko peritu-taldeak prestakuntza-ikastaro batzuk antolatu ditu automobil-plakak konpontzeko eta ordezteko gure partnerra den Carglass-en eskutik. Prestakuntza-ikastaro horien bidez, gure lantaldea egunean dago ADAS sistemei dagokienez, eta, ezbeharra gertatuz gero, horiek birkalibratzeari dagokionez ere bai.