Istripu bat gertatuz gero, adierazpen adiskidetsua sinatzea erabaki daiteke,  gorabehera horiek konpontzeko modurik arinenetako bat baita. Adierazpen adiskidetsua istripuari buruzko informazioa jasotzeko inprimakia da, baldin eta bi alderdiak ados badaude gertaeren garapenari buruz. Adierazpen adiskidetsua egiteko, kontuan izan aholku hauek.

Lehen urratsak

Auto-istripuren bat gertatuz gero, funtsezkoa da lasai egotea. Lehen urratsak dira istripuaren zona seinaleztatzea eta inplikatutako guztiak ondo daudela ziurtatzea; hala egon ezean, larrialdi-zerbitzuei abisatzea.

Gorabehera arin bat bada eta denok ondo bazaudete, Istripu-adierazpen adiskidetsua ateratzeko unea da. Ibilgailuak gidatzen ari zinetenok dokumentu bakar bat beteko duzue bion datuekin. Garrantzitsua da kontrako gidariarekin batera betetzea, gertakariek bat etorri behar baitute istripu-adierazpenari balioa emateko. Adostasunik lortzen ez bada, agintariei deitu beharko diezue betetzen eta/edo atestatua egiten laguntzeko.

Lagun Aroren auto-aseguru bat badaukazu, “Autoentzako gida erabilgarria” (PDF) dokumentuan aurkituko duzu informazioa.

Oso garrantzitsua da ”Gertatutako modua” laukiak behar bezala betetzea. Lauki hori aurkitzen ez bada, kaleen izenak, ibilgailuek zuten norabidea, lehendik dauden zirkulazio seinaleak eta errepideen egoera adierazten dituen krokisaren laukia gomendatzen dugu. Alde horretatik, ezinbesteko datuak daude, hala nola data, lekua eta inplikatutako ibilgailuen matrikula. Era berean, ezbeharraren kudeaketa arintzeko bestelako informazioa ere badago, hala nola harremanetarako telefonoak, ibilgailuaren marka eta modeloa edo aseguru-etxea eta poliza-zenbakia.

 Beharrezkoa al da adierazpen adiskidetsua sinatzea?

 Ados bazaude, bai. Izan ere, puntu honetan nahasmen handia dago, baina egia da adierazpen adiskidetsua behar bezala betetzeak ezbeharraren kudeaketa bizkortzen duela kasu gehienetan.

Adierazpen adiskidetsua sinatu behar ez duzun une bakarra da bertan adierazten diren gertakariekin ados ez zaudenean. Kasu horretan, Trafikoko Agintaritzetara deitzea gomendatzen da, haiek argitu dezaten istripuaren erantzukizuna.

Begi bistakoa badirudi ere, ez zaitez saiatu daturen bat aldatzen istripu-adierazpena sinatu ondoren, hori zure kontra erabil baitaiteke gero. Aseguratuak ezin badu adierazpen adiskidetsua sinatu, bere izenean nork sinatzen duen eta pertsona horrek zergatik sinatzen duen adierazi behar da.

Adierazpen adiskidetsuaren atzealdea ez dago istripuaren unean bertan sinatu beharrik. Ondoren bete ahal izango duzu, eta norbaitek lesioak izan dituen, agintariek parte hartu duten eta abar adierazi. Ondoren, adierazpen adiskidetsua aseguru-etxeari bidali behar diozu, istripua gertatu denetik 7 eguneko epean gehienez.

 

Adierazpen adiskidetsuak zure mugikorretik ere bete ditzakezu

 Gaur egun posible da, Androiderako eta iOSerako erabilgarri dagoen Declaración iDEA app-ari esker.

Declaración iDEA app-a (gauza bera da, baina modu elektronikoan) 3.1 bertsioan dago jada, eta doan deskarga daiteke bai iOSen eta bai Androiden.

App horrek ezbeharra izapidetzea errazten du, eta informazioa zure aseguru-etxeari helarazteko modu arin eta eraginkorra da. Mugikorraren pantailan azaltzen diren menuek aukera emango dizute ukituen datuak, kaltetutako ibilgailuaren zatiak edo istripuari buruzko azalpenak sartzeko.

Paperean sinatu behar den bezala, app-ean ezinbestekoa da istripu-adierazpena onartzea. Kasu horretan, gure aholkua da urrats hori gertatutako unean bertan egitea.

Lagun Aron hasieratik bertatik batu ginen UNESPAren ekimen honekin; TIREAk (aseguruen sektorearen hornitzaile teknologikoak) garatu du, eta Espainian automobil-arloan jarduten duten aseguru-entitate guztien eskura dago. 

Laguntza behar baduzu edo gorabehera baten berri eman nahi badiguzu, gure doako telefonoan (900 38 08 38) edo gure webgunearen bidez artatuko zaitugu.