Diesela edo gasolina? Errekuntzako motorra edo elektrikoa? Agian auto hibridoa? Ez da erraza erabakitzea. Emango diozun erabilera, ingurumenarekiko duzun kontzientziazioa edo patrikak ahalbidetzen dizuna dira gakoak.
Isuriei buruzko Europako araudi berriek gauzak aldarazi dizkie fabrikatzaileei eta “elektrifikazioaren” aldeko apustua egin dute; bestalde, hirietako politikak gero eta murriztaileagoak dira modelo kutsatzaileenekin. Aldatzeko garaia da, baina automobilen merkatuak eskaintzen dituen teknologia berriek oraindik ez dute gidari estandarra gogobetetzen.
Argi dago errekuntzako ibilgailuak kutsatzaileenak direla eta egunen batean halakoen zirkulazioa debekatuko dela, baina hori gertatu bitartean, beharbada denbora izango duzu beste bi ibilgailu estreinatzeko.
Zein auto erosiko dut?
Alderdi askok dute eragina ibilgailua erostean: prezioa, kontsumoa, zenbat kutsatzen duen, zenbat kostatuko zaidan asegurua eta zein erabilera emango diodan, besteak beste. Ez dago makilatxo magikorik, baina bai auto berria erosteko zenbait gomendio.
Gainera dezente eztabaida sortzen da zenbait gairen bueltan: esaten den bezainbeste errespetatzen al dute ingurumena auto elektrikoek? Erabiltzen diren bitartean bai, baina energia elektrikoaren ekoizpenak bai kutsatzen du: baterien fabrikazioan substantzia kutsatzaileak erabiltzen dira, eta gainera bateria horiek desegin egin behar izaten dira bizitza erabilgarria amaitzean.
Ba al dago dieselaren abantailak eskaintzen dizkidan modelorik, esate baterako, banaketako hainbat furgoneta baditut? Horra hor beste polemika bat. Diesel ibilgailuen ekoizpena debekatzera bideratutako edozein erakunde-adierazpenek kontuan izan behar ditu era horretako gaiak, gaur egun oraindik ez baitaude konponduta: ez dago dieselaren abantailak eskaintzen dituen ibilgailu elektrikorik era horretako ibilgailu handien edo komertzialen kasuan. Azkenean, hainbesteko ziurgabetasunak kezka sortzen du jende guztiarengan, eta kalte egiten dio ibilgailuen erosketaren merkatuari.
Polemikak alde batera utzita, diesel, gasolina, elektriko eta hibrido motako ibilgailuen arteko konparatiba bat erakutsiko dizugu orain. Motor-mota bakoitzaren abantaila eta desabantaila batzuk ezagutzeak hurrengo ibilgailua aukeratzen lagunduko dizu. Utz iezaguzu iruzkin bat zure esperientziaren berri emateko.
Erregaia | |||
---|---|---|---|
DIESELA | GASOLINA | ELEKTRIKOA | HIBRIDOA |
Gasolinakoak baino kontsumo eta kostu txikiagoak. | 20.000 km baino gutxiago egiten badituzu, gasolinaren kostua konpentsatzen du, diesela baino garestiagoa baita. | Kontsumo txikiagoa / aurrezki handiagoa. | Motor elektrikoa konbinatzen dute barne-errekuntzakoarekin. Motor elektriko baten presentziak errekuntzaren karga gehiena arintzen du eta gasolina-gastua murrizten du. |
Motorra | |||
DIESELA | GASOLINA | ELEKTRIKOA | HIBRIDOA |
Potentzia ona izaten dute. Motor guztietatik zarata gehien egiten duena da. | Auto txikietan eta zilindro-bolumen txikikoetan motor biziena da. Diesel batek baino ozentasun txikiagoa/konfort handiagoa. | Potentzia txikiagoa gidatzean. Ozentasun ia nulua. Zehazki, alerta-sistemak planteatzen ari dira ezbeharrak saihesteko. | Bi motorren baturak gasolinazko ibilgailu batek eskaintzen duen ia potentzia bera eskaintzen du. Modu elektrikoan, ozentasuna ia nulua da. |
Autoaren tamaina | |||
DIESELA | GASOLINA | ELEKTRIKOA | HIBRIDOA |
Auto handietarako / lur orotakoetarako. | Auto txiki eta soiletarako. | Motor txikiagoa dutenez, autoak leku gehiago du. | Ibilgailu handietarako nahiz txikietarako gomendatzen dira; ematen zaion erabileraren araberakoa da erosotasuna. |
Kilometrajea / Autonomia | |||
DIESELA | GASOLINA | ELEKTRIKOA | HIBRIDOA |
Urtean kilometro asko egiten dituenarentzat. | Urtean kilometro gutxi egiten badituzu interesatzen zaizu. | Autonomia mugatua (Renault ZOEren 270 km-etatik hasi eta Tesla Model S-ren 540 km arte) eta kargatzeko puntuen sare eskasa. | Kilometro asko eta hirian egiten badituzu interesatzen zaizkizu. Elektrikoek baino autonomia handiagoa dute. |
Autoaren prezioa | |||
DIESELA | GASOLINA | ELEKTRIKOA | HIBRIDOA |
Gasolinazkoak baino garestiagoak dira; konpentsatzen du halakoak erostea urtean kilometro asko eginez gero, erregaia merkeagoa baita. | Diesela edo elektrikoa baino merkeagoa da. | Prezio garestiagoa du erregaizkoek baino, baina mantentzea askoz merkeagoa da. Hori bai, bateriak prezio handikoak dira. 7 eta 10 urte artean irauten dute batez beste. | Elektrikoak bezala, prezio garestiagoa dute, baina mantentze ekonomikoagoa, batez ere modelo entxufagarria bada eta kargatzeko puntu bat badaukazu (garajean, esate baterako). |
Kutsatzaileak | |||
DIESELA | GASOLINA | ELEKTRIKOA | HIBRIDOA |
2005 baino lehenagokoek karbono dioxido gutxiago isurtzen dute gasolinazkoek baino, baina nitrogeno, sufre eta abarren oxido gehiago. 2009tik aurrera maila horiek jaitsi egin dira. Gobernuak neurriak hartzen ari dira laster halako ibilgailuen zirkulazioa debekatzeko eta ibilgailu jasangarriagoen aldeko hautua egiteko. | Diesel batek baino % 20-25 CO2 gehiago isurtzen dute. Ia % 80 erabileratik eratortzen da, eta gainerako % 20a ibilgailuaren ekoizpenetik. | Gutxien kutsatzen dutenak dira, baina erabiltzen duten energia elektrikoak eta autoen ekoizpenak bai kutsatzen dute. Gainera, baterien ekoizpenean substantzia toxikoak erabiltzen dira, eta bizitza baliagarria amaitzen denean, desegin egin behar dira. ECO modeloak dira, eta, beraz, murriztapenak edo kutsaduraren aurkako protokoloak dituzten hirietan sartzea ahalbidetzen dute. | Isuri txikiagoak isurtzen dituzte errekuntzako modelo tradizionalagoek baino (diesela eta gasolina). Soilik elektrikoak direnen kasuan bezala, hauetan ere energiaren ekoizpenak eta bateriak bai dira kutsatzaileak. ECO modeloak dira, eta, beraz, murriztapenak edo kutsaduraren aurkako protokoloak dituzten hirietan sartzea ahalbidetzen dute. |
Asegurua | |||
DIESELA | GASOLINA | ELEKTRIKOA | HIBRIDOA |
Berrikuspen gehiago eskatzen dituzten autoak dira, eta, horregatik, aseguruaren kostua handiagoa izaten da gasolinazko ibilgailuarena baino. | Aseguruaren kostua zertxobait merkeagoa da dieselen kasuan baino. | Garai batean errekuntzako autoen asegurua baino garestiagoa bazen ere, prezioak berdintzen joan dira. Hori bai, estaldura espezifikoak dituzte. | Hirugarrenen aseguruaren prezioak ez du zertan beste edozeinek baino handiagoa izan, baina Arrisku orokoak bai, ibilgailuaren zenbait piezaren konponketa garestiagoa baita. |