2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrak onetsita, datorren urteko urtarrilaren 1etik aurrera Aseguru-primen gaineko Zerga % 6tik % 8ra igoko da. Poliza bat kontrataturik duten %95ari eragingo dio.

Duela hilabete batzuk blog honetan bertan azaldu genuen zergatik aseguruek ez duten BEZik eta zer den Aseguru-primen gaineko Zerga (AZ). Gobernuak aseguruen sektorerako berariaz ezarritako nahitaezko zerga da AZ, eta aseguru-jardueraren ia arlo guztietan aplikatzen da. Gutxi batzuk bakarrik daude salbuetsita; besteak beste, nahitaezko gizarte-aseguruak eta aseguru kolektiboak, pentsio, kauzio, osasun-laguntza eta gaixotasunagatiko konpromisoak dituztenak, nekazaritzakoak edo esportaziorako kredituak.

Bizitza-arriskuko aseguruetan AZren igoera bakarrik aplikatuko da polizak istripuen berme osagarriak baditu; ez da aplikatuko, ordea, heriotza- eta baliaezintasun-bermeak soilik dituztenetan.

Estatuko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako % 6tik % 8rako zerga-igoera horrek 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera aseguru arruntenei eragingo die, hala nola etxebizitza-aseguruari, auto-aseguruari eta ehorzketa-aseguruari.  Beraz, eragin zuzena izango du 17 milioi etxeren ekonomian, azken kontsumitzaileak aurre egin behar baitio bere aseguruaren prezioaren nahitaezko igoera horri.

Seguros Lagun Aron urtarrilaren 1etik aurrera berritzen diren aseguru guztietan aplikatu behar dugu igoera hori, data horretatik aurrera kobratzen diren ordainagiri zatikatuei ere eraginez. Beraz, berritze-abisuetan emango dugu horren berri, gure bezeroekiko gardentasuna mantenduz, aseguru-etxeaz bestelako igoera horren arrazoia azalduz.