Gidatzeko, kontzentrazio handia behar da. Gidatzen ari garenean segundo batez arreta galtzen badugu, beste ibilgailu batekin talka egin dezakegu edo errepidetik irten gaitezke, eta horrek zorigaiztoko amaiera ekar dezake. Izan ere, DGTren arabera, arreta-galerak dira istripuen lehen arrazoia (% 33), gehiegizko abiaduraren (% 29) eta alkoholaren (% 26) aurretik. Milaka faktorek desbidera dezakete gure arreta, bai autoaren barruan bai kanpoan, baina argi dago mugikorra erabiltzeak istripu-arriskua areagotzen duela.
Mugikorraren erabilera biderkatu egin da azken urteotan, isunak 200 euro arte igo diren arren eta gidabaimenaren sei puntu kendu arren.
Esku libreen sistema erabiltzea nahitaezkoa da, baina erabiltzen denean arreta murrizten da. Ikerketek erakutsi dute esku libreen sistemarekin hitz egin eta 3 minutu igaro ondoren gidariek seinaleak hautemateari uzten diotela % 40an, batez besteko abiadura % 12 murrizten dela eta erreakzio-denbora handitzen dela.
Arreta-galeren ondorioz errepideari ez zaio ematen behar adinako arretarik, eta arreta-galera horrek ibilgailuak kontrola galtzea eragin dezake. DGTk 3 adibide hauek jarri ditu:
- WhatsApp-a bidaltzen baduzu, 20 segundoko tartea hartuko dizu, eta tarte horretan 600 metro egingo dituzu.
- GPSa erabiltzen baduzu, 14 segundo emango dituzu, eta 466 metro egingo dituzu tarte horretan.
- Dei bati erantzutean, 8 segundo erabiliko dituzu, eta 266 metro egingo dituzu.
Zifra horiek gorabehera, espainiarren heren batek baino gehiagok onartu zuen deiren bat egin edo mezuren bat irakurri zein idatzi izana azken urtean gidatzen zuen bitartean. Izan ere, DGTk dio telefono mugikor bat erabiltzea edatea eta gidatzea bezain arriskutsua izan daitekeela. Horregatik, telefonoa larrialdietan bakarrik erabiltzea gomendatzen da, autoa errepidean aparkatuta dagoela, eta “gidari modua” aktibatzea gidatzen den bitartean posible bada. Gainera, GPSa bidaia hasi aurretik programatzea komeni da; hura manipulatu behar izanez gero, onena gelditzea da, eta martxan inoiz ez manipulatzea.
Alde horretatik, arreta-galerak saihesteko aukera ematen diguten hainbat aplikazio daude. Horietako bat Mutting da: kontaktu-zerrendan sartzen da, eta jakinarazten digu kontaktatu nahi dugun pertsona erabilgarri dagoela (argi berdea), gidatzen ari dela (gorria) edo aplikazioa ez daukala (beltza). Geolokalizazio-sistemaren bidez, Mutting-ek detektatuko du pertsona horrek orduko 16 kilometroko abiadura gainditu ote duen, eta, horrela bada, gidatzen ari dela jakinarazten du eta mezu bat erakusten du.
Gidatu bitartean mugikorra erabiltzen duen gidariaren batez besteko profila
18 eta 24 urte bitarteko gidari gazteek hiriguneetako semaforoetan eta auto-ilaretan erabiltzen dute batez ere mugikorra, eta “errepidean erabiltzea segurua” dela iruditzen zaienean. Murtzia, Galizia eta Madril dira telefono mugikorraren “mendeko” gidari gehien dituzten autonomia-erkidegoak; Asturias, Extremadura eta Errioxa dira, berriz, mugikorraren “mendeko” gidari gutxien dituzten autonomia-erkidegoak.
Oro har, ez dirudi espainiarrek argi dutenik gidatzen ari direnean mugikorra erabiltzeak dakarren arriskua. Izan ere, gidarien % 38k onartzen du mugikorra esku librerik gabe hitz egiteko erabiltzen dutela, eta % 9ren iritziz mugikorra erabiltzeak “ez dio gidatzeari eragiten”. Are gehiago, ia % 6k uste du telefono mugikorraren erabilera desegokiarekin lotutako istripuen kopurua ez dela egia. Errealitatea, ordea, nahiko desberdina da: arreta galduta gidatzea da istripu hilgarrien arrazoi nagusia, eta kalkulatzen da errepidean gertatutako 390 heriotza telefono mugikorrak erabiltzearen ondoriozkoak direla.
ESRA proiektuaren arabera (Errepideko Erabiltzaileen Jarrerei buruzko Inkesta), espainiarren % 56k adierazten du mugikorra esku libreekin erabili duela azken urtean gidatzen ari den bitartean hitz egiteko, eta % 35ek onartzen du esku librerik gabe erabili izana. Era berean, Espainiako gidarien % 36k onartu zuen azken urtean testu-mezua irakurri izana gidatzen ari zen bitartean, eta % 26k testu-mezua bidali izana onartu zuen.
Mugikorraz gain, soinua erreproduzitzeko beste aparatu batzuei lotutako kaskoak edo aurikularrak erabiltzea ere debekatuta dago, eta zigorrak ere ekar ditzake, gidatzean arreta-galerak eragiten baitituzte.
Azkenik, hona hemen zehatu daitezkeen eta hain ezagunak ez diren beste ekintza batzuk: irakurtzea, objektuak bilatzea, gidatu bitartean jatea edo ibilgailuko gainerako bidaiariekin jarduteagatik arreta galtzea, DGTk jakinarazitakoaren arabera.