Horixe da NBA: tren-, autobus-, metro-, hegazkin- edo ferry-txartel bat erosten dugunean babesten gaituen bidaiari-asegurua.
Koronabirusaren pandemia iritsi arte –gure ohitura asko aldatu baititu–, garraio publikoa erabiltzeko joera gorantz zihoan. 2019an, 5.081 milioi pertsonak baino gehiagok erabili zuten garraio publikoa Espainian, aurreko urtean baino % 3,6 gehiago. Eta bidaiari horiek guztiak aseguratuta joan ziren. Ez gara bidaia-aseguru bati buruz ari (batek batek izango zuen, noski), Nahitaezko bidaiari-aseguruari (NBA) buruz baizik, istripua gertatuz gero bidaiarientzako kalte-ordaina emateko dagoena.
Nahitaezkoa garraio publiko kolektiboko enpresa guztientzat
Lehenik eta behin, jakin behar duzu garraio publikoa dela legeak kontsumitzaileak gehien babesten dituen eremuetako bat. Izan ere, izenak berak dioen bezala, pertsonen garraio kolektiboan aritzen diren pertsona guztiek –erabilera publikokoak nahiz pribatukoak izan– Nahitaezko bidaiari-aseguru bat (NBA) kontratatu behar dute.
Nahitaezkoa da 9 bidaiari edo gehiagorentzako edukiera duten garraio kolektiboetan (autobusa, metroa, trena edo tranbia) eta kable bidezko garraioetan (funikularrak, teleaulkiak edo teleferikoak). Hegazkinen kasuan, Bidaiarien Aseguruak ordeztu dezake.
Garraio-txartela erostean, pertsona aseguratu bihurtuko zara.
Istripu baten ondorioz kalte fisikoren bat jasaten duten erabiltzaileei kalte-ordaina emateaz arduratzen da aseguru hau. Poliza hau ordaintzen dugun txartelaren prezioan sartuta dago.
Auto-aseguru bat dela pentsa genezake, baina ez da horrela: NBA istripu-aseguru bat da. Izenak dioen bezala, legeriak eskatzen dituen nahitaezko aseguruetako bat da, eta legeak markatzen dizkio kapitalak. Zerbitzua ematen duen enpresak nahitaez kontratatu behar du, pertsonen garraio horri dagokion ordainsaria jasotzen badu.
Ibilgailuen maileguen edo carsharingaren kasuan ere nahitaezkoa da?
Ibilgailu partekatuaren negozioa mugikortasunean sartu da, hiri handietan batez ere. Konfinamenduan zehar hainbat carsharing konpainiak beren jarduerak bertan behera utzi dituzten arren, berriro ekin diote beren jarduerari. Hori bai, kutsatzeko arriskua murrizteko protokoloekin.
Hainbat carsharing mota daude: horietako bat autoak minutuka eta gidaririk gabe alokatzea da (adibidez, Car2go edo Emov). Beste era batekoa da ibilgailuen partikularren arteko alokairua: Yescapa, esaterako, autokarabanen alokairuaren webgunea (Seguros Lagun Arok harekiko lankidetza dauka). BlaBlaCar-en beste modelo bat ere badago, bidaia partekatzeko, ibilgailua bera baino gehiago.
Mota horretako ibilgailu-flotek ez dute nahitaez izan behar nahitaezko bidaiari-asegurua, baina bai ondoren azalduko dizkizugun zenbait estaldura izan behar dituzte.
Zirkulatu nahi duen edozein ibilgailuk bezala, carsharing autoek erantzukizun zibileko nahitaezko asegurua dute.
Hirugarrenen aseguruaz gain, horrelako konpainiek arrisku orotako aseguruak izan ohi dituzte. Horrek esan nahi du guk gidari gisa ere arrisku orotako asegurua daukagula? Erantzuna ezezkoa da. Arrisku orotakoaren onura benetan jasotzen duena gu errudun izanik ezbeharra izan dezakeen enpresa edo pertsona da.
Ohikoa da ibilgailu-maileguetako konpainiek frankiziadun aseguru bat kontratatzea. Horrek esan nahi du erabiltzaileak (istripuaren arduraduna bada) gehieneko kopuru bat ordaintzen duela sortutako kalteengatik. Horregatik, gomendagarria da ezustekorik ez izateko eskaintzen dituzten estaldurak berrikustea: auto- eta konpainia-motaren arabera, zure poltsikoaren kontura izango diren lehen euroak 90 eurotik 1.000 eurora arte joan daitezke!
Azkenik, ibilgailua erabili aurretik berrikustea gomendatzen dizugu, aurreko gidariak egindako urratuei edo bestelako kolpeei aurre egin beharrik izan ez dezazun, eta, jakina eta ez hain garrantzitsua, ibilgailua zurea balitz bezala zaintzea.
Zein arrisku estaltzen ditu NBAk?
Lehen esan dugu Nahitaezko bidaiari-asegurua garraio publiko kolektiboarena dela. Ikus dezagun orain zer estaltzen duen.
Nahitaezko bidaiari-aseguruak estaltzen ditu bidaiariek nazio-lurraldearen barruan jasaten dituzten gorputz-lesio guztiak, talka, iraulketa, bide-irteera, haustura, leherketa, erreakzio, kanpo-kolpe eta ibilgailuan eragina izan dezakeen beste edozein matxura edo anormaltasun baten ondorioz. Halaber, atzerrira bidaiatzen hasi eta Espainiatik datozen bidaiariak abalatzen ditu.
Bidaian zehar izandako istripu batek eragindako lesioez gain, bidaiari-aseguruak estaltzen ditu horretarako adierazitako lekuetatik autobus, tren edo hegazkinetik sartzen edo irteten garen unean gerta daitezkeen istripuak edo erorikoak ere.
Oro har, garraio publikoko enpresek inprimakiak dituzte, istripuen kasuan bidaiarien lesioei buruz informatzeko. Behin inprimakiak betetakoan, lesio horiek frogatzeko txanda iritsiko da, dagozkion parte medikoak aurkeztuz.
Bidaiari gisa, egin behar duzun lehenengo gauza da hegazkinez, trenez, autobusez, taxiz edo ferryz egindako bidaiaren garraio-txartela gordetzea. Garraio publikoko txartelak erabiliz gero (MUGI, BAT, Barik, Interbus, Bonobus, ATM txartelak, MÓBILIS, etab.), mugimenduak ikusi ahal izango dituzu, eta egiaztagiria dagokion webgunetik atera. Horrela, istripua izan zuen ibilgailuan benetan bidaiatzen zenuela frogatu ahal izango duzu.
Zer gertatzen da txartela ordaindu behar ez duten adingabeekin?
Txartelik ordaindu beharrik ez duten erabiltzaile adingabeak ere aseguru honek babestuta daude. Xehetasun garrantzitsu bat: ordaindu behar ez izateak ez du esan nahi txartelik gabe bidaia dezaketenik. Ez leku guztietan gutxienez.
Gipuzkoan, esate baterako, araudiak eskatzen du 5 urtetik gorako pertsonek txartela eskuratu behar dutela, doakoa izanda ere, “plazak zenbatzeko eta aseguruen estaldurari begira“.
Garraio-enpresak NBA kontratatua ez badu, Partzuergoak esku hartuko du
Jakin behar duzun lehenengo gauza da asegururik gabe zirkulatzea delitu bat dela, eta larria gainera. Baina, zoritxarrez egoera horretan bazaude eta ibilgailuak ez badu bidaiari-asegururik, Konpentsazio Partzuergoak babestuko zaitu. Kasu horietan, Partzuergoak hartuko ditu bere gain ibilgailu horiek sortzen dituzten kostuak eta kalte-ordainak. Ondoren, Partzuergoak asegururik gabeko ibilgailuaren jabeari erreklamatu ahal izango dio ordaindu duen zenbatekoa.