Espainian, 31 milioitik gora ibilgailu aseguratu daude, erraz esaten da. Hala ere, 2 milioi ibilgailu inguru automobilen nahitaezko asegururik gabe dabiltza kale eta errepideetan. Gizarteari kalte handia eragiteaz gain eta etengabeko arriskua izateaz gain, azalduko dizugu legearen arabera zeri egin behar diozun aurre autoaren nahitaezko asegurua sinatuta izan gabe gidatzea erabakitzen duzunean.

Espainian, 2018ko abuztuan, 31.205.331 ibilgailu aseguratu kontabilizatu ziren, hau da, legea betetzen dute. Aitzitik, DGTk kalkulatzen du beste 2 milioi gidari arriskuan daudela diru-zehapen gogorrak izateko, ibilgailua ibilgetzeko edo gidabaimena kentzeko, legea ez betetzeagatik.

Mito eta kondairek ez dute balio: ibilgailu guztiek legez aseguratuta egon behar dute. Eta norbaitek pentsatuko du gutxi erabiltzen duenez eta egun osoa aparkatuta daukanez ez duela merezi ordaintzea. Bada, hanka-sartze larri-larria da, eta ez soilik administratiboa, zeinak kalte handia egin diezaiokeen zure poltsikoari, baizik eta elkartasunik ezekoa ere bai.

Ez da aseguru-etxeen apeta

Automobilaren nahitaezko asegurua ez da existitzen aseguru-etxeen gurari edo apetagatik. Beste arrazoi bat dago. Gurea bezalako gizarte garatu eta motorizatuan, non ogia erosteko ere autoa hartzen dugun, funtzionatzen duen eta auto-istripuen biktimek kalte-ordaina jasoko dutela bermatzen duen sistema bat behar da.

Ulertzen erraza da. Gizartea izaki, badakigu automobil ibilgailuak arriskua dakarrela berez, eta, hortaz, halako bat erosten dugunean erantzukizun objektibo bat daukagula. Hau da, motordun ibilgailua edukitzeagatik bakarrik, harekin eragin ditzakegun kalteen erantzuleak gara, errudunak izan nahiz ez. Eta erantzukizun hori aseguruarekin estaltzen dugu.

Gidari guztiok sartzen garen elkartasun-sistemaz ari gara. Baina norbaitek elkartasun-eskema horretan parte hartzeari utzi eta aseguratu gabeko ibilgailua erabiltzea erabakitzen duenean, lortzen duen gauza bakarra da beste batzuek ordaintzea berak eragindako kalteen ondorioak.

Poliziak jakiten badu asegururik gabe gidatzen ari zarela, prestatu diru-zorroa

Baliteke zuri bost axola izatea gainerako gidariak, baina sinets iezaguzu esaten dizugunean kaltetuena zeu izango zarela.

Hasteko, asegururik gabe ibiltzea arau-hauste administratiboa da. Poliziak geldiaraztea eta zure autoak erantzukizun zibileko asegururik ez daukala jakitea nahikoa da 650 € eta 3.000 € bitarteko isuna jartzeko.

Autoa aparkatuta badaukat, kasu horretan ere nahitaezkoa da asegurua?

Bai, nahiz eta zure autoa aparkatuta egon, aseguratuta eduki behar duzu. Izan ere, gure autoak denboraren % 97a aparkatuta pasatzen du hainbat txostenen arabera. Udal batzuek IAT pasatu gabeko edo asegururik gabeko ibilgailuak kentzeko kanpainak ere egiten dituzte.

Aparkatuta dauden autoen jabeek egunean izan behar dute haien aseguruaren ordainketa; bestela, zehapen berberak izateko arriskua dute. Horren zergatia hauxe da: leku finko batean aparkatuta dagoen ibilgailua hirugarrenei kalte egiten dioten ezbeharrak izateko arriskuan egon daiteke, hala nola sute baten eragile izan edo hura zabaltzearena.

Erabiltzen ez diren autoak ere aseguratu behar dira

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (EBJA) duela gutxiko epai batek erabiltzen ez diren autoak aseguratzera behartzen du. Epaitzaren jatorria Portugalen izandako gertaera batean dago. Erabaki horren baitan sartzen dira, era berean, zirkulazio-baimena izan baina jabeak gidatzeko asmorik ez izan eta lursail pribatuan aparkatuta dauden ibilgailuak.

Auzia Auzitegi Goren portugaldarrak ebatzi beharko badu ere, Europar Batasuneko auzitegi nazional guztiak lotuta geratuko dira erabaki horri.

Berreskaera-eskubidea asegururik gabeko ibilgailuen istripuetan

Aseguratu gabeko ibilgailu batekin istripu bat eragin duzunean hasten da benetako arazoa. Txarrenean jarrita, aseguratu gabeko ibilgailu baten jabea automobil horrekin izandako ezbehar baten erantzule izanez gero erantzukizun garrantzitsuei egin beharko die aurre.

Pertsona horrek bere gain hartu beharko lituzke sortutako kalteak konpontzeko gastuak, zaurituei laguntzeko gastuak halakorik izanez gero, besteak beste, une horretara arte aurreikusitako zehapenak barne.

Biktimei beti ematen zaie kalte-ordaina

Indarrean dagoen legediak bermatzen du biktimek ez dezatela beren gain hartu asegururik gabeko beste gidari batzuek eragindako kalteak. Kasu horretan, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa —noizbait aipatu izan dizugu— arduratzen da biktimei ordaintzeaz.

Eta ondoren, Partzuergoak ordaindu duena erreklama diezaioke aseguratu gabeko ibilgailuaren jabeari. Bestela esanda: Partzuergoak diru-kopuru bat ordaintzen du baina gero hura ordaindu behar lukeenari erreklamatzen dio. Berreskaera-eskubidea esaten zaio. Seguru gauden azalduko dizute noiz eta zein kasutan egikari daitekeen eskubide hori.

Bada, ez dago asko gehiago esaterik. Istripu bat izaten baduzu eta nahitaezko asegurua ez baduzu, tontakeria horrengatik goian zerua eta behean lurra duzula gera zaitezke.