Gero eta lehiakorragoa den eta giza balioez kontziente den enpresa-mundu honetan, genero-berdintasuna funtsezko faktore bihurtu da erakundeen jasangarritasunerako eta hazkunderako. Munduko Ekonomia Foroak argitaratutako Genero Arrakalaren Indize Globalaren arabera, 2024an % 68,5ekoa izan da genero-arrakala globala; horrek erakusten du premiazkoa dela ekitatea lortzeko ahaleginak bizkortzea. Testuinguru horretan, mugarriak eta erronka berriak kontuan hartuta, Seguros Lagun Arok berdintasunaren alde duen konpromisoa, estrategia etikoa ez ezik, lehiakortasuna bultzatzeko, talentua erakartzeko eta ospe korporatiboa indartzeko estrategia ere bada.
Konpromiso hori politika ekitatiboen sentsibilizazioa, prestakuntza eta inplementazioa jorratzen dituen plan integral baten barruan kokatzen da: III. Berdintasun Planean, hain zuzen. Plan hori funtsezko hiru zutaberen inguruan garatu da, eta aurrerapen nabarmenak egin dira eremu bakoitzean; hots, Entitatearen Kulturan, Pertsonen Kudeaketan eta Erantzukizun Sozialean.
Entitatearen Kultura: Berdintasunari buruzko sentsibilizazioa eta prestakuntza
Konpainiaren kudeaketan berdintasuna txertatzen jarraitzeko, lidergo-estilo inklusibo baterantz aurrera eginez eta berdintasunerako sentsibilizatuz, hainbat tailer eta ekimen egin ditugu horri buruz kontzientziatzeko:
- Komunikazio inklusibo eta berdintasunezkoari buruzko prestakuntza espezifikoa.
- Berdintasun-foroetan parte hartzea, hala nola Mondragon Korporaziokoetan eta EWI sarekoetan (Empower Women in Insurance).
- Oroimen-ekimenak, azaroaren 25ekoa adibidez, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzearekin lotutako sentsibilizazio-materialekin.
- Emakumeentzako ahalduntze-tailerrak eta gizonentzako sentsibilizazio-tailerrak, Laboral Kutxak antolatuak.
Pertsonen Kudeaketa: Emakumeen lidergoa eta kontziliazioa sustatzea
Esparru honetan, ardatz izan ditugu kontziliazio erantzukidea bultzatzea, garapen profesionala genero-ikuspegiarekin planifikatzea, lan egiteko giro osasungarria eta segurua bermatzea eta soldata-arrakala murriztea, ekintza hauen bidez:
- Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloa aldatzea, salaketa-kanal berriak eta lege-egokitzapenak txertatuz.
- Kontziliazio erantzukideko tailerra, neurri horiek pertsonengan eta lantaldeetan duten inpaktua identifikatzeko.
Erantzukizun Soziala: Kanpoko lankidetzak eta ziurtagiriak
Helburu nagusiak bi dira: konpainiak berdintasunarekin duen konpromisoa bistaratzea eta balioan jartzea, eta ingurunean konpromisoak har daitezen bultzatzea.
- Bat egiten dugu gizartean berdintasunaren alde egiten diren kanpainekin; adibidez, otsailaren 11n Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin, martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Egunarekin eta azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin.
- Emakundek emakumeen eta gizonen berdintasunerako erakunde laguntzaile aitortzea, gure erakundearen barruan emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunean aurrera egiteko hartutako konpromisoa aitortuz.
Etorkizunari begira: IV. Berdintasun Planerantz
III. Berdintasun Plana oraindik abian dela, 2026an ezartzen hasiko den IV. Plana diagnostikatzeko eta diseinatzeko oinarriak ezartzen ari da Seguros Lagun Aro. Plan berri horrek kultura korporatiboaren, talentuaren kudeaketaren eta erantzukizun sozialaren funtsezko hiru esparruetan eragiten jarraituko du, eta arreta berezia eskainiko die sortzen ari diren erronketara egokitutako ekimen berritzaileei.
Seguros Lagun Aroko Pertsonen zuzendari Idoia Barroeta Eguiaren esanetan, “talentua erakartzeak eta kudeatzeak bat etorri behar du gizartearen bilakaerarekin eta egungo espektatibekin. Joera horiei helduz, eta ekitatea sustatzen duten estrategien bidez, gure erakundeak emakumeen lidergoa sustatzen eta berdintasunarekiko konpromisoa sendotzen jarraituko du”.
Laburbilduz, berdintasuna ez da betebehar etiko bat soilik; enpresa eraldatzeko motor bat ere bada. Seguros Lagun Aroren aldetik, konpromiso horrek bere ekintzak gidatzen jarraituko du, etorkizun bidezkoago eta jasangarriagorako bidean ekitatea ardatz nagusi izango dela bermatuz.