Autoarekin istripu bat edo kolpe bat duzunean, edo etxean gorabehera bat duzunean, zure polizaren estalduren arabera konpondu edo kalte-ordaina eman ahal izateko kalteak baloratzeaz arduratzen da asegurua. Baina, nork baloratzen ditu kalte horiek ?

Hemen, aseguruen sektorean, figura oso garrantzitsua sartzen da: peritua. Aseguru-peritua ezbehar baten ondorioak ikertzeaz eta aztertzeaz arduratzen den aditua da, kalte-ordainaren edo konponketaren kostua baloratu ahal izateko. Horretarako, polizen klausulen xehetasunak ezagutu behar ditu, eta balizko iruzurrak detektatzeko eta saihesteko gai izan behar du. 

Funtzio hau asko aldatu da azken urteotan. Antzina kalteak baloratzera mugatzen ziren, eta gaur egun aseguru-etxeari eta bezeroari ezbeharra behar bezala konpontzen laguntzera bideratuta daude. Izan daitezkeen iruzurren ikertzaile nagusiak dira, ezbehar batean adierazitako kalteak bezeroak adierazitakoarekin bat datozen edo bateragarriak diren detektatuko baitute.

Post honetan aseguru-perituen lanean zentratuko gara, zehazki auto- edo etxe-aseguruetan, baina badira beste peritu-mota asko, hala nola peritu medikoak, kaligrafoak, psikologoak, etab. 

Adibidez, zure etxeko ezbehar batean, zein da peritu baten lana?

Zure ezbehar-motaren edo kalteen arabera, zure aseguru-etxeak kalteen peritazioa beharrezkoa den ala ez jakinaraziko dizu, perituak ez baitu beti parte hartzen ezbehar batean. 

Gaur egun, gainera, ez da beharrezkoa peritazioak presentzialak izatea. Lagun Aron urruneko peritazioak egiten ditugu bezeroarentzako ahalik eta arinen eta erosoenak izan daitezen; horri bideo-peritazio esaten diogu. 

Perituak bisita bat amaitzen duenean presentzialki edo urrunetik, txosten bat egingo du, kalteak, balorazio ekonomikoa eta matxura edo gorabehera konpontzeko esku hartu behar duten gremioak zehaztuz, betiere zure polizaren estaldura-mailaren arabera.

Bezeroarentzat inpaktu handiena duten ezbeharretan, perituaren beste funtsezko lan bat da bezeroa ezbeharra izapidetzeko prozesuan orientatzea. Laburbilduz, funtzio hauek ditu:

  • Ezbeharraren jatorri-arrazoia zehaztea
  • Gertatu diren kalteak zehaztea 
  • Kalteak baloratu eta horiek konpontzeko modurik onena zein den zehaztea
  • Aseguru-etxeari inplikatutakoak zein diren jakinaraztea: eragilea eta kaltetuak. Adibidez, zuk beheko bizilagunari kalteak eragin dizkiozula zehaztea.

Eta automobilaren ezbeharretan? 

Auto-ezbeharretan, aldiz, peritu batek esku hartu ohi du.

Tailerrera egindako bisitan, perituak istripuaren kausak eta eragindako kalteak egiaztatu behar ditu, eta, horiek koherenteak badira bezeroak partea jakinaraztean adierazitakoarekin, begiratu behar du ea polizan estalita dauden, eta, kasu horretan, dagozkion konponketaren edo kalte-ordainaren kostua ebaluatu behar du.

Horrela, perituak txosten bat egingo du honako hauekin:

  • Konponketa egiteko ordu-kopurua
  • Eskulanaren orduko prezioa
  • Zer egingo den konponketan. Kaltetutako piezak konpondu behar diren edo ordeztu behar diren, etab.
  • Konponketa posible den edo konponketaren balioa ibilgailuarena baino handiagoa den; kasu horretan, konponezina da, eta “erabateko galera” ezarriko da.
  • Konponketaren jarraipena ere egiten dute, adostutako guztia konpontzen dela eta aldatu beharrezkotzat zehaztutako piezak jatorri egokikoekin ordezten direla kontrolatzeko.

Laburbilduz, peritu baten funtzioa funtsezkoa da ezbeharren kudeaketan, ezbeharrean zer eta nola gertatu den zehazteko, kalteak baloratzeko eta dagokion konponketa edo kalte-ordaina zehazteko estimazio ekonomiko bat egiteko.