Zabalduta dagoen okerreko uste baten arabera, gaztea izanik bizitza- edo ehorzketa-aseguru bat kontratatzea dirua alferrik galtzea da edo, areago, gazte askok ez dute horrelakorik kontratatzen “ezin zaielako ezer gertatu” edo zorte txarra erakar dezakeelako. Hala ere, gehiago dira bizitza-aseguru bat kontratatzeko erabaki garrantzitsua hartzen duten pertsonak, etorkizunean haiei zerbait gertatuz gero edo haiek egongo ez balira familia babesteko. 

Batzuetan, bizitza-aseguruaz eta ehorzketa-aseguruaz hitz egin ohi da gauza bera izango balira bezala; baina, egiazki, desberdinak dira, eta une desberdinak estaltzen dituzte. Biek gertakari bera kontuan hartzen badute ere –aseguratuaren heriotza–, desberdin egiten dituzten bestelako zerbitzu eta estaldura batzuk dituzte

Bizitza-aseguruak konpentsazio ekonomiko bat eskaintzen die aseguratuak izendatutako onuradunei, aseguratuaren heriotza gertatuz gero edo aseguruan ezarritako kausak betez gero. Izan daiteke aseguratuaren heriotza, baliaezintasuna edo gaixotasuna. Bestalde, Ehorzketa-asegurua heriotzaren uneaz beraz arduratzen da. Heriotzaren ondoriozko kostu ekonomikoa, izapideak, lekualdatze-zerbitzuak, laguntza psikologikoa era abar estaltzen ditu. Esan dezakegu bizitza-asegurua heriotzaren ondorioak estaltzeaz arduratzen dela –esate baterako, familiaren galera ekonomikoak (zorrak, hipotekak, familiaren laguntza…)–, eta ehorzketa-aseguruak, berriz, heriotzaren izapideak estaltzen dituela (paperak, lekualdaketak, etab.). Baina kontzeptua ez da bi aseguruak bereizten dituen alderdi bakarra:

  • Aseguratutako zenbateko ekonomikoa:  Ehorzketa-aseguruan, asegurua kontratatzen duen pertsonak aukeratutako zerbitzuen eta ezaugarrien arabera kalkulatzen dira urteko kuotak (adibidez, ehorzketa- edo errausketa-mota, bizilekua ez den beste herri batean ehorztea, DNA kontserbatzea, etab.). Bizitza-aseguruan, berriz, aseguru-hartzaileak kontratatu nahi duen kalte-ordainaren zenbatekoa zehazten du, eta, horren arabera, aseguru-etxeak zehaztutako epeetan abonatuko den urteko prima bat ezartzen da.
  • Oinarrizko klausulak: Esan dugunez, bizitza-aseguruek konpentsazio ekonomiko bat ezartzen dute, aseguru-hartzailea hilez gero familia-egonkortasunari eusteko. Ehorzketa-aseguruan, aldiz, senitartekoaren ehorzketa-izapideen ondoriozko gastu eta eragozpenetatik askatzen du familia. Aipatu beharreko alderdi bat: ehorzketaren edo errausketaren gastuak aseguratuak ordaindutako zenbatekoa baino txikiagoak badira, aseguru-etxeak diferentzia abonatu beharko dio hildakoaren familiari.

Egia da, halaber, oso antzeko estaldurak daudela. Adibidez, bizitza-aseguruetan gehitzen diren estaldura batzuk berez ehorzketa-aseguruarenak dira, hala nola Heriotza-estaldura. Adibidez, Lagun Aroren Bizitza-aseguruan 3.000 euroko kapital-aurrerakin bat sartzen da, gastu berehalakoenei aurre egiteko. Gainera, ehorzketari nahiz heriotzari buruzko estaldurak ere sartzen dira, hala nola testamentu pertsonala edo familiarra eta bizi-testamentua, edo aholkularitza eta heriotzarekin eta oinordetza-prozesuarekin zerikusia duten izapide guztiak; horrela, heriotza-aseguru espezifikorik ez dagoen kasuak estaltzen dira.

Bestalde, ehorzketa-aseguruek nahiz bizitza-aseguruek gero eta estaldura eta zerbitzu gehigarri gehiago eskaintzen dituzte heriotza-unetik kanpo. Adibidez, Lagun Aroren Bizitza-aseguruetan, gaixotasun larrien estaldura espezifikoak sartzen ditugu, minbizia, infartua, paralisia eta antzeko gaixotasunen eta ezintasun iraunkor edo aldi baterakoen kasuan baliabide ekonomikoak emateko. Estaldura bereziak ere baditugu, hala nola Bigarren Diagnostiko Medikoa edo Errehabilitaziorako eta txertatzen, egokitzen eta mugikortasunean laguntzeko programa. Bestalde, bezeroari beste zenbait egoeratan laguntza eskaintzeko beste zerbitzu batzuk ere aurreikusten dira, hala nola seme-alabak edo mendeko familiartekoak zaintzea, etxeko laguntza, etab. Beraz, gai horietan pentsatzea inork gogoko ez dugun arren, garrantzitsua da ehorzketari buruzko gaiak ondo lotuta uztea, ehorzketa-aseguru espezifiko batekin eta/edo heriotzarekin zerikusia duten zerbitzuak eta estaldurak barne hartzen dituen bizitza-aseguru batekin –bizirik zaudela ere segurtasuna eta babesa emango dizu–.