Aseguruak gure eguneroko bizitzaren zati dira. Nolanahi ere, aseguru berri bat kontratatzean erabiltzen den terminologia eta argota, askotan, ulergaitzak dira. Gainprima, sorospena, erreskatea, bonus-malus, berandutzea,… Zer esan nahi dute?

Aseguratzaileok jakin badakigu batzuetan terminologia espezializatua ulertzea zaila izaten dela bezeroentzat. Baina hori aldatzen ari da. Izan ere, aseguruen sektoreak konpromisoa hartu du aseguruen hizkera sinplifikatzeko eta eskuragarriago egiteko. Seguros Lagun Aro eta UNESPAko beste aseguratzaile batzuk hizkera argiagoa erabiltzeko lanean ari gara, adibidez Seguru Gaude programaren baitako “Seguru elkar ulertuko dugula” ekimenaren bitartez.

Zurekin partekatu nahi dugun aseguruen hiztegi txiki honek zure aseguruaren estaldurak, zerbitzuak eta gainerako baldintzak ulertzen lagunduko dizu.

Aseguruen arloko oinarrizko terminoak eta sinonimoak

A letra

Moldatutako irudia CC BY-SA 2.0 – fdctsevilla

  • ADISKIDETASUNEZKO ISTRIPU-DEKLARAZIOA: Automobilen ezbeharrak deklaratzeko inprimaki-eredu estandarizatua, aseguratzaile guztientzat eta Europar Batasuneko herrialde guztietan berbera. Mugikorraren bidez ere eskuragarri.
  • ALDIZKAKO PRIMA: Aldizkako prezioa edo ekarpena edo aldizkako ordainketa.
  • ARRISKUA: Galtzeko edo hondatzeko arriskua, ondasun jakin batzuk edo eskubide zehatzak ukitzen dituena hala nola norbanakoaren bizitza, osasuna edo osotasun fisiko eta intelektuala.
  • ASEGURATUA: Pertsona fisikoa edo juridikoa, arriskuaren eraginpean dago bere ondasunengatik nahiz interes ekonomikoengatik eta, hortaz, aseguruaren estaldura berari dagokio.
  • ASEGURATZAILEA: “Aseguru-etxe”ren edo “aseguru-entitate”ren sinonimoa da. Aseguru-kontratu bat formalizatuta, istripu bat gertatzeak sor ditzakeen kalteak bere gain hartzen dituen pertsona juridikoa da, betiere istripu horren arriskua bada estalduraren objektua.
  • ASEGURUEN KONKURRENTZIA: Gauza bera estaltzen duen aseguru bat baino gehiago edukitzea.
  • ASEGURUEN KONPENTSAZIO PARTZUERGOA: Aseguratzaileek onartzen ez dituzten ibilgailuen erantzukizun zibileko asegurua eta nahitaezko estaldura bere gain hartzen dituen enpresa-erakunde publikoa. Ezohiko arriskuek eragindako kalteak ere konpentsatzen ditu, Partzuergoari buruzko artikulu honetan azalduko dizugun bezala.
  • ATZERA EGITEKO ESKUBIDEA: Kontsumitzaileak duen ahalmena, aseguru-kontratuarekin aurrera ez egitea erabakitzekoa.
  • AURREIZATEA: Kaltea / istripua / gorabehera / galera / prestazioa / heriotza / ezintasuna gertatzeko unean bazela.
  • BAREMOA: Balorazio-taula. Adibidez, automobilen baremoa zirkulazio-istripuetako kalte pertsonalen balorazio-sistema da.
  • BERANDUTZEA: Justifikaziorik gabeko atzerapena ordainketan.
  • BERRESKAERA: Ordaindutakoa kaltearen erantzuleari erreklamatzea.
  • BIDEGABE ABERASTEA: Dagokiona baino gehiago jasotzea.
  • BIZITZA OSOA: Biziarteko bizitza-asegurua.
  • BONUS-MALUS (AUTOAK): Automobil-aseguruaren prezioaren kalkulua istripu-historiaren arabera.
  • DIRUZKO GALERA: Galera ekonomikoa.
  • EDUKIA: Aseguratutako altzariak eta gauzak.
  • EDUKITZAILEA: Aseguratutako higiezina.
  • EFEKTU-DATA: Estaldura indarrean sartzen den hasiera-data.
  • ERREGELA PROPORTZIONALA: Kalte-ordaina zehazteko kalkulua aseguratutako ondasunaren balioaren azpitik aseguratzen denean.
  • ERRESKATEA: Itzulketa aurreratua.
  • ESTALDURAK: Aseguratzaileak bere gain hartzen duen arrisku bat edo batzuk, polizan zehazten direnak, balizko kalte-ordaina jasotzeko.
  • ESTORNUA: Kanpoko inguruabarren ondorioz poliza aldatu edo deuseztatu behar izanez gero, aseguru-entitateak bezeroari itzuli beharreko primaren zenbatekoa edo itzulketa.
  • EZBEHARRA: Ezusteko gertaera, bat-batekoa eta nahigabekoa, pertsonei edo gauzei kalteak eragin diezazkiekeena. Arloaren edo modalitatearen arabera, sinonimo bat edo beste bat erabiliko da: kaltea / istripua / gorabehera / galera / prestazioa / heriotza / ezintasuna, besteak beste.
  • EZBEHARRAREN PARTEA: Zure aseguratzaileari ezbeharra gertatu dela komunikatzea edo deklaratzea. Aseguru-motaren arabera, ezbehar-parteak izen hauek izan ditzake: kaltearen partea, istripua, gorabehera, galera, prestazioa, heriotza edo ezintasuna dela-eta, besteak beste.
  • EZOHIKO ARRISKUAK: Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak estalitako arriskuak.
  • FRANKIZIA: Ezbeharra izanez gero, aseguratuaren kontura dagoen kopurua.
  • GABEALDIA: Oraindik estalduraz gozatu ezin den aldia. Aseguru guztiek edo estaldura guztiek ez dute aldi hori.
  • GAINPRIMA: Prezioaren igoera edo gainprezioa.
  • GAINASEGURUA: Zerbait bere balioaren gainetik aseguratzea. Egindako kaltearen balio errealaren kalte-ordaina emango da, eta ez aseguratutako balioarena.
  • GERORATZEA: Atzeratzea (kasuaren arabera).
  • HARTZAILEA EDO KONTRATUGILEA: Aseguru-kontratua sinatu eta prima ordaintzeko konpromisoa hartzen duen pertsona naturala edo juridikoa. Kontratugilea eta aseguratua ez da beti pertsona bera.
  • HORNIDURA MATEMATIKOA: Bizitza-aseguruetan metatutako funtsa edo saldoa.
  • HUTSALKETA: Kontratua amaitzea. Arrazoia adieraztea beharrezkoa izan ohi da.
  • INFRAASEGURUA: Zerbait bere balioaren azpitik aseguratzea, eta, hortaz, aseguruak ez estaltzea erabat “kalteen” balioa, ezbeharra izanez gero.
  • KALTE-ORDAINA: Aseguratzailea aseguratuari ordaintzera behartuta dagoen diru-zenbatekoa, ezbeharra izanez gero eta polizan adierazitako baldintzen arabera.
  • KAPITAL ASEGURATUA: Asegurua kontratatzen duenaren polizak estalitako ondasunei esleitzen zaien balioa. Ezbeharra gertatuz gero, kapital aseguratuaren zenbatekoa da aseguratzaileak gehienez ordaindu behar duen kopurua.
  • KARTA BERDEA: Nazioarteko Aseguru-ziurtagiri horrek aseguratuta zaudela egiaztatzen du, eta baliozkoa da sistema horri atxikitako atzerriko 40 herrialdetan baino gehiagotan. Nahitaezkoa ez bada ere, Lagun Arok eramaten jarraitzea gomendatzen dizu.
  • KENGARRIA: Aseguratuak bere gain hartzen duen arrisku-zatia. Arrisku osoa har dezake bere gain edo arriskua aseguratuarekin parteka dezake. Denborarekin aldatuz joan daiteke.
  • LEHENDIK DAGOEN GAITZA: Aurretiko gaitza.
  • LEHEN ARRISKUA: Estalitako gehieneko zenbatekoa.
  • LORTU GABEKO IRABAZIA: Irabazteari uzten zaiona.
  • MUGA-EGUNA: Aseguru-kontratuaren amaiera-data.
  • ONURADUNA: Kalte-ordaina jasotzeko eskubidearen titularra da, hau da, ezbehar bat gertatuz gero konpentsazioa jasoko duena. Asegurua kontratatu duenarekin (aseguru-hartzailea) bat etor daiteke edo ez.
  • PERITAZIOA: Perituaren analisia, azterlana edo lana eta irizpena ematen den dokumentua.
  • POLIZA: Aseguruaren baldintzak idatziz jasotzen diren kontratua edo dokumentua.
  • PRIMA: Kontratuaren arabera, aseguratzaileari egiten zaion ordainketa / ekarpena / prezioa. Ezbehar jakin bat gertatzeko maiztasunaren edo probabilitatearen araberakoa izango da.
  • PRIMA BAKARRA: Prezioa/ekarpena edo ordainketa bakarra.
  • PRIMA ZATIKATUA: Epekako ordainketa.
  • SORTZAPEN-ALDIA: Aldi horretatik aurrera prestazioa kobratuko da.
  • SALBAMENDU-GASTUAK: Gorabehera batek eragindako kalteak murrizteko beharrezkoak diren gastuak.
  • SINATZEA: Kontratatzea.
  • SOROSPENA: Aldizkako kalte-ordaina.
  • UNIT LINKED: Bizitza-aseguruaren modalitate horretan kontratatzaileak bere gain hartzen du inbertsioaren arriskua.