Ezin dugu ekidin elurra egitea, baina lagun zaitzakegu dauden kate-motak ezagutzen, zure autoa hurrengo elurterako prest egon dadin.

Aurten, orain arte bi ekaitz bortitz izan ditugu. Gogor jo dute, eta triskantza, uholdeak, eta, batez ere, hotza, hotz handia ekarri dute. Ondorioz, errepideetan elurra izan dugu, eta elurrak zuriz estali ditu hiri osoak. Zure Instagramerako oso irudi polita eta dibertigarria bada ere, ez da gauza bera gertatzen eguneroko bizitzan.

Baina, adi, gaiari ekin aurretik oso garrantzitsua da zure pneumatikoen egoera egiaztatzea. Bestela kateek ezer gutxi balioko dizute…

Ezagutu zure autorako 4 kate-mota

Lau kate-mota daude, kate likidoak ez baitira halakotzat jotzen. Egia da estutasunetik ateratzeko balio dezaketela, baina ibilbide motzetan bakarrik, errodadurarekin eta urarekin kate likidoa desager baitaiteke. Gainera elurte handia gertatuz gero, agintari eskudunek ez dizute ibiltzen jarraitzen utziko kate fisikoak erabili gabe.

Hori esanda, egin dezagun dauden kate-moten errepaso bat, zure ibilgailuari eta eguneroko bizitzan hobekien egokitzen direnak zein diren jakiteko.

Metalezko kateak

Metalezko kateak ezagunenak, betiko kateak dira, elurrean eta izotzean oso ondo funtzionatzen baitute. Altzairuzko metalezko katebegiz osatuta daude.

Gainera, metalezko uztai edo altzairuzko kable bat izan ohi dute, gurpilaren barrualdean, eta tenkagailu bat edo batzuk kanpoaldean. Prezio onena dute, baina agian jartzeko zailenak dira. Horrez gain, esan beharra dago triki-traka eragiten dutela, eta askatzen badira autoari kalteak sor diezazkioketela.

Kontuan izan: Garrantzitsua da azpimarratzea kate horiekin metro batzuk ibili ondoren berriro tenkatu beharko dituzula.

Ehunezko kateak

Ehunezko kateak ehunkiz eginda daude; hortaz, oso gutxi pisatzen dute eta askoz errazagoa da haiek jartzea. Azken urteotan oso ezagunak egin dira, aurrekoak baino garestiagoak izan arren.

Esan dugun bezala, izan duten arrakastaren gakoa erraz muntatzeko modukoak izatea da eta ezin dutela ibilgailua kaltetu. Gainera, ez dute bibraziorik sortzen eta ez dute eraginik ibilgailuaren egonkortasunean. Hala ere, gutxien irauten dutenak dira, olana azkarrago higatzen baita elurrik gabeko zoladura gainean pixka bat ibiliz gero.

Kontuan izan: Erabilera labur eta noizbehinkakoetarako gomendatzen da.

Sare-kateak 

Pneumatikoetarako sare-kateak kate konposatu famatuak dira. Plastikozko kableen sare batez osatuta daude, eta kable horiek ehunkitan zorroratuta eta metalezko zirgiloz lotuta daude.

Ia ez dute bibraziorik sortzen; hortaz, oso gutxi nabaritzen dira gidagailuan eta esekiduran. Ehunezkoen antzera muntatzen dira baina tentsio handiagorekin.

Kontuan izan: Elurraren eta izotzaren gainean oso ondo funtzionatzen dute eta dezente gehiago irauten dute.

Kate erdiautomatikoak

Kate erdiautomatikoak, armiarma erakoak edo Spikes Spider izen panpoxaz ere ezagutzen direnak, maiz eta baldintza txarretan erabiltzeko pentsatutako kateak dira. Metalaz, plastikoaz, gomaz eta iltzez osatuak, segundo gutxitan muntatzen dira eta aproposak dira elur asko dagoen egoeratan.

Kontuan izan: Bizitza baliagarri oso luzea dute eta besteen prezioa gainditzen dute, alde handiarekin.

Kateei buruz jakin behar dituzun 6 gauza

  1. Zure ibilgailuak neguko pneumatikoak baditu, ez duzu zertan kezkatu, elurretan ibiltzeko prestatuta baitaude.
  2. Kateak jarri aurretik, ziurtatu leku seguruan zaudela, ahal bada galtzadatik aldendua.
  3. Erabili eskularruak kateak jartzean ebakirik ez egiteko.
  4. Kateak gurpil eragileen gainean jarri behar dira.
    • Zure ibilgailua aurreko trakziokoa bada, aurreko gurpiletan jarri beharko dituzu.
    • Zure ibilgailua atzeko propultsiokoa bada, atzeko gurpiletan jarri beharko dituzu.
    • Zure ibilgailuak lau gurpileko trakzioa badauka, egokiena lau gurpilen gainean jartzea izango da, baina kate-sorta bakarra baduzu, aurreko pneumatikoen gainean jarri beharko dituzu, norabidea aldatzeaz arduratzen direlako eta trakzio gehien galtzen dutenak direlako.
  5. Autoz ibiltzean gorde segurtasun-distantzia. Orduko 40 kilometroko abiadura ez gainditzea gomendatzen da. Saihestu bat-bateko azeleratze eta balaztatzeak.
  6. Kendu kateak beharrezkoak ez izan bezain laster, eta egiaztatu urraturik ez dutela.

Kateak jartzeak estres dezente sortzen digunez, batik bat eguraldi txarra dugunean, aldez aurretik eta baldintza hobeetan jartzeko saioak egitea gomendatzen dizugu.

Ibilgailuei buruzko Zaragozako Ikerketa Institutuaren bideo honetan, elurretan behar bezala gidatzeko hartu behar ditugun segurtasun-neurriak modu argi eta laburrean ezagutuko dituzu.