Neguko aste batzuk pasa dira, eta Eguberrietako garai polita igaro ondoren, neguko garairik gogorrena dator orain: hotza, elurteak, izozteak, ekaitzak, bisutsak… Gogoratu duela hiru urteko Filomena ekaitz gogor hura: ustekabean harrapatu zituen Espainiako hiri batzuk, eta, bereziki, Madril. Astebetean, errepideak kolapsatu egin ziren, kaos- eta tentsio-eszena ugari sortuz, jendea ezin baitzen etxera edo bulegora iritsi. Horrelako muturreko egoeretan, autoak izaten dira kaltetu nagusiak; horregatik, komeni da prest joatea eta elurretako kateak eramatea, zure bidaiderik onenak neguan izateko. Agian pentsa dezakegu maletategian espazioa hartzen duen osagarri bat besterik ez direla; baina, behar izanez gero, egoera zail askotatik atera gaitzakete.

Izan ere, elurretako kateek balio dute segurtasuna eta mugikortasuna bermatzeko neguan gidatzen dugunean. Tenperatura asko jaisten denean eta errepidean izotza sortzen denean, gure bidaiderik onenak dira, berogailua eta GPSa bezain ezinbestekoak. Ibilgailuaren pneumatikoen inguruan jartzen dira, trakzio gehigarria izan dezaten. Gurpilen inguruan egokitzen diren kate-maila metalikoz edo material sintetiko erresistentez osatuta daude, lur irristakorrarekiko itsaspena hobetzeko. Halaber, lerradura murrizten laguntzen dute; eta ibilgailuek modu seguruagoan aurrera egiteko aukera ematen dute elurte handiak daudenean edo errepide izoztuetan.

Espainian, ez da nahitaezkoa ibilgailuan elurretako kateak eramatea neguan. Nolanahi ere, nahitaez eraman behar dira ibilgailuan baldin eta agintariek adierazi badute errepide jakin batzuetan erabili behar direla eguraldi txarraren ondorioz (elurte gogorretan edo izotza errepidean dagoenean, adibidez). Adierazpen horiek kartel espezifikoekin seinaleztatuta egoten dira errepide horietan; ez ikusi eginez gero, isunak egon daitezke. Gidariaren erantzukizuna da seinale horiei adi egotea eta kateak prestatuta edukitzea, eguraldiaren baldintzek hala eskatzen badute.

Trakzioaren arabera

Sistema hori erabiltzean, DGTk gomendatzen du 50 km/h-ko abiadura ez gainditzea. Komeni da abiadura murriztea segurtasun-baldintzetan zirkulatu arte, bidearen inguruabarretara eta eguraldiaren baldintzetara egokituz. Ez azeleratu edo frenatu bortizki. Kateak jartzeko, automobilaren motrizitatea hartu behar da kontuan:

  • Aurreko trakziodun ibilgailua: aurreko ardatzeko gurpiletan jarri behar dira.
  • Atzeko trakziodun ibilgailua: atzeko gurpiletan.
  • Lau gurpileko trakzioa: lau pneumatikoetan.

Jartzeko jarraibideak

Kateak jartzen ohituta ez gaudenez, ez dakigu zenbat denbora beharko dugun; beraz, lehenik eta behin, geratu autoa leku lau eta seguru batean, espazioarekin eta ikuspen nahikoarekin. Seinaleztatu triangeluekin edo V-16 larrialdi-argiarekin, eta ez ahaztu txaleko islatzailea erabiltzea.

Kateak behar bezala jartzeko, jarraitu fabrikatzailearen gomendioak, urratsik saltatu gabe. Erabiltzeko beharra sortu aurretik, praktikatzea komeni da, pneumatikoen tamainari erabat egokitzen zaizkiola egiaztatzeko (kateen zehaztapenetan adierazten da pneumatikoen zer neurritarako balio duten). Erabili beti eskularruak, eskuetan ebakiak saihesteko eta hotzetik babesteko. Kateak jada behar ez direnean, kendu egin behar dituzu, pneumatikoak eta asfaltoa ez kaltetzeko.

Kate-motak

Elurretako kate-mota bat baino gehiago daude; beraz, zure beharretara ondoen egokitzen dena aukeratu behar duzu.

  • Metalezko kateak: Ohikoenak dira, eta elkarrekin lotutako metalezko kate-mailaz eginda daude. Trakzio sendoa eskaintzen dute elur- eta izotz-baldintzetan; merkeak dira, baina zarata eta bibrazio gehiago sor ditzakete errepide garbian gidatzean.

  • Ehunezko kateak: “Galtzerdiak” ere esaten zaie. Erresistentzia handiko polimeroak bezalako materialekin fabrikatuta daude; arinagoak dira, eta metalezkoak baino errazago instalatzen dira. Oso egokiak dira elurtutako errepideetako zati laburretan erabiltzeko, eta arrazoizko trakzioa eskaintzen dute. Horrelako kateen desabantaila da elurrik edo izotzik ez dagoen gainazaletatik igarotzean berehala degradatzen direla (esate baterako, tuneletan). Horregatik, komeni da tunelaren sarreran kentzea eta irteeran berriro jartzea, luzea bada behintzat.

cadenas de nieve

  • Kate konposatuak: Ehunezkoen antzekoak dira; baina, kasu honetan, zorroa kable plastikoen sare batek osatzen du, ehunezko materialez estalitako altzairuzko tako batzuekin.

elurretako-kateak-zure-bidaiderik-onenak-neguan

  • Kate erdiautomatikoak: “Spike Spider” ere esaten zaie. Bi zati dituzten gailuak dira: zati finkoa hagunean instalatuta dago, eta beste zatia zati finkoaren gainean oso erraz muntatzen eta desmuntatzen da. Eraginkorrak eta erabilerrazak dira, baina garestiak.

elurretako-kateak-zure-bidaiderik-onenak-neguan

  • Kate likidoak: Izena gorabehera, pneumatikoaren alboko aldeari aplikatzen zaion espraia da, une jakin batean itsaspena areagotzeko. Ez dira berezko katetzat jotzen; beraz, egoera dela-eta kateak erabiltzea nahitaezkoa bada, ez dago baimenduta halakoak kate konbentzionalen ordez erabiltzea.

Motozikletentzako kateak ere badaude, baina gomendatzen da horrelako ibilgailuak ez erabiltzea muturreko egoeretan eta zoru irristakorretan.

Biltegiratzea

Elurretako kateak ondo gordetzea eta kontserbatzea garrantzitsua da kateen iraunkortasuna eta eraginkortasuna luzatzeko. Hona hemen urrats batzuk behar bezala biltegiratzeko:

  • Garbiketa: Gorde aurretik, garbitu ondo elurretako kateak. Kendu kateetatik edozein lokatz-, zikintasun- edo gatz-hondakin, korrosioa saihesteko.
  • Lehorketa: Ziurtatu kateak erabat lehor daudela gorde aurretik. Hezetasunak korrosioa eragin dezake, eta materiala hondatu.
  • Bilgarria edo edukiontzia: Gidari batzuek elurretako kateetarako poltsa espezifikoetan gordetzen dituzte, batera mantentzen eta haien artean ez korapilatzen laguntzen dutenak. Poltsa berezirik ez baduzu, kaxa edo ontzi garbi bat ere erabil dezakezu.
  • Biltegiratzea: Gorde kateak leku lehor eta fresko batean (ahal dela, muturreko tenperatura-aldaketen eraginpean ez dauden eremu batean). Ez itzazu gorde zuzenean lurraren gainean, korrosioa prebenitzeko.
  • Aldizkako berrikuspena: Gomendagarria da noizean behin kateak berrikustea biltegiratuta dauden bitartean, gerta daitekeelako kalteak, korrosioa eta gastatutako zatiak egotea eta gerora behar dituzunean ezin erabili ahal izatea.

Errepidean, ezustekorik ez: babestu zaitez zure auto-aseguruarekin eta elurretako kateekin: zure bidaiderik onenak izango dira neguan.