Hurbiltzen ari da errenta-aitorpena egiteko unea eta, ohi bezala, azken orduko zalantzak eta galderak sortzen dira berriz ere. 2018ko errenta-aitorpenean (2019ko kanpaina) zer motatako aurrezpen-aseguruk desgrabatzen duten kontatuko dizugu gaur.
Eta zer produktuz ari gara hitz egiten? Gizarte Aurreikuspeneko Sistemez ari gara. Horien artean daude Pentsio Planak (PP), Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak (BGAE) eta Aurreikuspen Plan Aseguratuak (APA), eta horietan egiten diren ekarpen eta kontribuzioek desgrabatu egin dezakete errenta-aitorpenean.
Zer dira Aurreikuspen Plan Aseguratuak (APA)?
Ekarpen periodiko eta/edo ezohikoen bidezko aurrezki-sistema bat da, Gizarte Segurantzaren Sistema Publikoaren osagarria. Hasiera batean erretirorako soilik zen, baina urteek aurrera egin ahala aldatzen joan da funtsak beste arrazoi batzuengatik berreskuratzeko aukera emateko: baliaezintasuna, heriotza, gaixotasun larria edo iraupen luzeko langabezia.
Gizarte-aurreikuspeneko aseguru guztiek, banakakoek nahiz enplegukoek, ogasun guztietan desgrabatzen dute
Barne hartzen ditu onura fiskal handiak, izan ere, egindako ekarpenak kendu egin daitezke urteroko errenta-aitorpenean lege-mugen barruan. Horrela, aurreztu egiten da zergetan.
Beste onura batzuen artean, interes bermatua dute eragiketak irauten duen denbora guztian segurtasun eta egonkortasun handia emanaz. Gainera, sei hilean behin, errentagarritasun gehigarria lortzeko aukera ematen dute. Metatutako aurrezkia aldi bakarrean (kapitala), errenta bidez edo biak konbinatuz jaso daiteke.
Gizarte Aurreikuspeneko Sistemetara egindako ekarpenen murrizketak
Prestazioen fiskalitatea desberdina izan daiteke aitorpena egiten duzun lekuko ogasunaren arabera. Hala ere, gizarte-aurreikuspeneko ogasun guztietan desgrabatzen dute gizarte-aurreikuspeneko aseguruek, banakakoek nahiz enplegukoek. Egiten duzun tokian egiten duzula, mendekotasun larri edo handiaren estaldura duten aseguru-primek ere desgrabatu egiten dute errenta-aitorpenean.
Euskadin, Nafarroan eta Estatuko gainerako lekuetan zer espezifikazio fiskal dauden eta lurralde bakoitzean zerga-oinarri orokorra murrizten duten gehienekoak zein diren ikusiko dugu.
Gogoan izan behar da errenta-aitorpenean zerga-oinarri orokorra izan ditugun irabazi guztien batura dela: soldata, autonomo gisa izandako diru-sarrerak, higiezinen errendimenduak, jabetza intelektualaren diru-sarrerak, zenbait kalte-ordain, lehiaketetan lortutako sariak, etab. Zenbateko horiek erraz aurkituko dituzu PFEZren kopian.
Desgrabazioa EAEn
EAEn zerga-bilketa egitea lurralde bakoitzeko foru-ogasunen esku dagoen arren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ados jarri ziren EAE osoan PFEZ harmonizatzeko.
Errenta-aitorpena egiteko orduan BGAE, PP eta APAetan egindako ekarpenak kentzen dituzte; baita mendekotasun larri edo handiaren estaldura duten aseguru-primak ere.
Banakako eta enpleguko sistemen ekarpenetarako murrizketen mugak hauek dira:
- Urtean 5.000 € gehienez banakako ekarpenetarako.
- Urtean 8.000 € gehienez enpresen ekarpenetarako.
- Urtean 12.000 € gehienez banakako eta enpresen ekarpenetarako.
Erretiroan pentsatzen ari bazara, oso ezaguna ez den zerbait jakitea interesatuko zaizu:
EAEn, zergadunak erretiroa hartzen duenean, egiten jarraitzen duen ekarpenen murrizketaren onura izateari uzten dio.
Diru-sarrerarik gabeko ezkontidearen ekarpen-erregimen murrizgarriak urteko 2.400 €-tan jarraitzen du.
Pentsio Planak eta APA Nafarroan
Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, pentsio-plan bat edo aurreikuspeneko plan bat (PP edo APA) baldin badugu ogasunak egingo digun murrizketaren muga daukagun adinaren arabera ezartzen da. Nafarroako formulak kalkulagailua erabiltzera behartuko gaitu:
- 49 urte arte, bi zenbateko hauetan txikiena izango da muga: lanaren eta ekonomia- edo enpresa-jardueren errendimendu garbien % 30; edo 3.500 € urtean.
- 50 urtetik aurrera, bi zenbateko hauetan txikiena izango da muga: lanaren eta ekonomia- edo enpresa-jardueren errendimendu garbien % 50; edo 6.000 € urtean.
Diru-sarrerarik gabeko ezkontidearen ekarpen-erregimenak urteko 2.000 €-tan jarraitzen du eta, gainerako ogasunek bezala, mendekotasun larri edo handiaren estaldura barne hartzen duen aseguruagatik ordaintzen ari garen primak murrizten dituzte.
Estatuko gainerako lekuetako kenkariak
Gainerako autonomia-erkidegoetan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak ere kontuan hartzen ditu mendekotasunaren estalduren primak eta muga bat ezartzen die pentsio-planetara edo aurreikuspen-plan aseguratuetara egindako ekarpenen kenkariei.
- Murrizketaren muga bi zenbateko hauetan txikiena izango da: lanaren eta ekonomia-, enpresa edo arte-jardueren errendimendu garbien % 30; edo urtean 8.000 € zergadunaren adina kontuan izan gabe.
Diru-sarrerarik gabeko ezkontidearen ekarpen-erregimen murrizgarriak urteko 2.500 € izaten jarraitzen du estatuan, EAEko ogasunetan baino zerbait gehiago.
Aholkularitza behar baduzu, badakizu hortxe izango gaituzula. Gure web-orrian txat bidez edo telefonozko Arreta-zerbitzu bidez egingo dizugu arreta: 944 94 74 28. Astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara.