Gastu finkoak eta fakturak biderkatu egiten dira bi baino gehiago garenean; hortaz, aurrezpenean pentsatuz dirua kudeatzea beste erremediorik ez dago. Familia-aurrekontu baten laguntzaz, dirua zertan gastatzen duzun jakingo duzu eta familia-ekonomiaren agintea hartu ahal izango duzu.
Etxeko gasturik ohikoenak
Hasteko, aipa ditzagun etxeko gasturik ohikoenak. Haietakoren bat ez ordaintzeko libre bazara, pisu bat gutxiago duzu zure familia-aurrekontua aurrerago prestatzeko.
Honako hauek dira ohikoenak:
- Hipotekaren ordainketa: argi dago aukerarik onena hautatu behar duzula kontuan hartuta ia bizi osorako izango dela; askotan, ezkontzak edo izatezko loturak berak baino gehiago ere irauten du.
- Janaria: hileko gasturik garrantzitsuenetakoa da, dudarik gabe. Ume txikiak badauzkazu, laster egiaztatuko duzu ez dakartzatela besapean ogi bat, baizik eta hilero hainbat euro gastatu beharko dituzula osasuntsu eta sendo haz daitezen.
- Argia, ura, telefonoa: itzali argiak logela hutsik dagoenean, itxi uraren txorrota hortzak garbitzean, dutxatu bainatu beharrean,… Hartzen joango zaren ohituretako batzuk dira, eta seme-alabei irakatsiko dizkiezu hilean hainbat euro aurrezten saiatzeko.
- Autoaren asegurua: nahitaezko gastua da; segurtasun osoz ibili nahi baduzu, ezinbestekoa da. Edonola ere, informa zaitez eta konparatu aseguru-etxeek eskaintzen dizutena. Aseguru-etxe batzuek, hala nola Lagun Arok, hobariak eskaintzen dituzte frankizian.
- Aseguru medikoa: ez da nahitaezkoa baina gero eta familia gehiagok erabakitzen du aseguru pribatu bat kontratatzea osasun publikoko itxaron-zerrendak saihesteko, batik bat seme-alaba txikiak dituztenean. Hileko zure aurrekontuan pixka bat baino gehiago ere izango da.
Lehen begiratuan bideraezina badirudi ere, gastu horiei guztiei aurre egiteko modurik onena zure familia-ekonomiaren agintea hartzea da. Eta zure buruari galdetuko diozu, baina nola? Ez kezkatu, guk lagunduko dizugu eta. Gogoan hartu.
Ezagutu zure ekonomia familia-aurrekontu bat prestatuz
Gure kontuak kontrolatzeko modu onena familia-aurrekontu bat prestatzea da, zure diru-sarrerak eta gastu guztiak zein diren jakiten hasteko. Zure gastuak egunean edukitzeko modurik onena izateaz gain, zure diruari ahalik eta etekin handiena ateratzen lagunduko dizu.
Hasieran ahalegin txiki bat egin behar bada ere, familia-aurrekontu bat egiteak abantailak dauzka:
- Agur esango diozu “Ez dakit zertan joaten zaidan dirua!” esateari. Jakingo duzu benetan zertan gastatzen duzun dirua. Gehienetan gastu txikiak izango dira, eta haiek detektatu eta gutxitu ahal izango dituzu, hilabete-amaieran horrenbeste igo ez daitezen.
- Lehentasunak ezarriko dituzu gastuetan. Beharrezkoak ez diren gastuak, ezinbesteko gastuak eta inbertsiotzat har daitezkeen gastuak bereiziko dituzu.
- Asko, gutxi edo ezer ez aurrez dezakezun jakingo duzu. Gastatzen duzunaren jakitun izatean aurreztea planteatu dezakezu. Datuak eskura izanik, hilero kopuru txiki bat gordetzea erabaki dezakezu.
- Etorkizunari begira, aurreikuspenak egin ahal izango dituzu, bai eta epe luzerako helburuak finkatu ere.
- Larrialdietarako funts txiki bat edukitzea, ezusteko gastuetarako. Larrialdirik izanez gero, erabili ahal izango duzu.
Zeure aurrekontua prestatzen hasteko adibidea
Egin behar duzun lehenengo gauza oharrak idaztea da. Hartu papera eta arkatza (Excel, ohar-aplikazioa edo tableta digitala, hala badagokio) eta kalkulagailua. Bi zerrenda egiteko unea da, diru-sarreretakoa bata eta gastuetakoa bestea. Oinarrizkoa dirudi, baina diru-sarrerak eta gastuak bi zutabetan irudikatzeak gastu jakin batzuk kontuan ez hartzeko posibilitatea murrizten du, eta erabakiak hartzen lagunduko digu.
1. DIRU-SARRERAK: Hasteko, gehitu familiaren diru-sarrerak lehenengo zutabean hala nola nominak, pentsioak, diru-laguntzak edo diruzko edozein sarrera. Zintzo jokatzea eta gasturik ez ezkutatzea gomendatzen dizugu. Kontuan izan ezazu aurrekontua “apaintzen” baduzu, zure burua eta zure familia bakarrik ariko zarela engainatzen, ez beste inor.
2. GASTUAK: Erregistra itzazu hileko gastu guztiak, eta bereiz itzazu ordainketa-motaren arabera.
- Nahitaezko gastuak: Gehitu itzazu ordaintzeko betebeharra duzun familia-gastu finkoak, hala nola hipoteka, alokairua, komunitateko gastuak edota maileguak.
- Beharrezkoak diren gastuak: Murriztu baina ezabatu ezin diren gastuez ari gara, hala nola gasaren ordainagiriak, argindarrarenak, telefoniakoak, etab., edota elikagaien erosketa.
- Bazter uzteko moduko gastuak: Beharrezkoa denean ezaba ditzakegunak sartzen dira mota honetako gastuetan. Noizbehinkakoak edo ohikoak izan daitezke, hala nola etxetik kanpoko otorduak, mugikorra berritzea, ihesaldi bat, bilduma berriko arropa, liburu berri bat, etab., zeinak familia-gastua puzten baitute. Bizitzak ematen dizkigun kapritxoak dira, azken finean; baina geure buruari galdetu beharko genioke ea gutxiago gasta dezakegun.
Zure aurrekontuan aintzat hartu beharreko 4 aholku
Gogoan izan:
- Aurrekontuaren azken helburua da diru-sarrerek etxeko gastu guztiak estaltzea. Hasieran hori lortzen ez baduzu, aurrekontua ondo berrikusi eta gastuak gutxitzen saiatu beharko duzu. Hasi noizbehinkakoak direnekin. Hala uste ez baduzu ere, zer egina egon baietz.
- Barne hartu aurrezkia gastu finkoa balitz bezala. Hala uste ez baduzu ere, oso onuragarria da. Alde batetik, konturatu gabe, koltxoi bat sortzen joango zarelako, larrialdietarako nahiz helburu zehatzetarako laguntza handia eskainiko dizuna: ikasketak, prestakuntza, ibilgailua, etxeko erreformak, etab.
- Jarri helburuak zure buruari: Aurrezkira bideratu kopuru finko bat hilero. Zure diru-sarreren % 10 edo ondo datorkizun kopurua horretarako erabil dezakezu. Aseguru-etxeek pixkanaka aurrezten lagun zaitzaketen aurrezki-planak ere eskaintzen dituzte. Aurrezki esklusiboa ‘15 plana Lagun Aroren modalitate sinpleena eta erosoena da aurrezteko. Pentsatu hilero 50€ bideratzen badituzu, urte-amaieran 600€ aurreztuko duzula.
- Konprometitu eta egunean izan aurrekontua. Zuen familiako ekonomia kontrolatzeak lasaitasuna emango dizue.
finanzasparatodos.es webguneak fitxa eta artikulu ugari eskaintzen ditu, eta zure ekonomia pertsonala kudeatzen lagunduko dizute. Egiteko prest bazaude, oso baliagarria izango zaizu urratsez urrats nola prestatu zure familia-aurrekontua.