Urtean milioi bat istripu arin baino gehiagorekin, istripu horiek konpontzeko modu ohikoenetako bat da adiskidetasunezko partea. Inprimaki-modelo hau, galdetegi-estilokoa, zure aseguruari istripua nola gertatu den azaltzeko erabiltzen da, inplikatutako beste ibilgailuaren gidariarekin bat etorriz. Hau da kontuan hartu behar duzuna ezbeharraren partea behar bezala ebatzia izan dadin.

Adiskidetasunezko istripu-jakinarazpenak nabarmen azkartzen eta errazten ditu istripua ebazteko ondorengo izapideak. Zure gidatzeko modua bikaina bada ere eta inoiz ezbeharrik izan ez baduzu ere, denok egon gaitezke beste ibilgailu bat sartzen den istripu batean inplikatuta. Kontu handiz ibili eta eraman beti dokumentu hau autoan. Gaur egun posible da mugikor bidez ematea partea Declaración iDEA aplikazioarekin (Android eta iOS-erako erabilgarri).

Istripu bat izan dut eta ez dakit zer egin behar dudan

Lehenik eta behin, saiatu lasaitzen. Egiaztatu zure ibilgailuko pertsonak eta aurkako ibilgailukoak ondo daudela. Hala ez bada, deitu 112 telefonora eta poliziari, lehenbailehen laguntzera etor daitezen.

Istripu arina bada eta denok ondo bazaudete, Adiskidetasunezko istripu-jakinarazpena ateratzeko unea da. Ibilgailuak gidatzen ari zinetenok dokumentu bakar bat beteko duzue bion datuekin. Errealitatearekin bat etor dadin, unean bertan eta aurkako gidariarekin batera betetzea izaten da onena. Gogoan izan biok kontakizunarekin eta hor azaltzen denarekin ados egotea dela garrantzitsuena. Erredakzioak erraza izan behar du, zehatza, ia telegrafikoa, bi aseguru-etxeen arteko elkar-ulertzea errazteko. Adostasunik lortzen ez bada, agintariei deitu beharko diezue betetzen eta/edo atestatua egiten laguntzeko.

Adiskidetasunezko istripu-jakinarazpena bete beharreko datuekin

Behin sinatutakoan, ez aldatu Adiskidetasunezko Deklarazioaren aurreko orrialdeko (irudian erakusten den orrialdeko) daturik. Datu gehiagorekin osatu nahi baduzu, erabili atzealdeko orrialdea.

Lagun Aro-ren auto-aseguru bat badaukazu, “Autoentzako gida erabilgarria” (PDF) dokumentuan aurkituko duzu informazioa.

Gogoan izan istripuaren krokisa ahalik eta ondoen bete behar duzula; gertatukoaren kontakizuna idatzi nahiz marraztu ahal izango duzu. Kaleen izenak adierazi behar dira, ibilgailuek zuten noranzkoa, zein trafiko-seinale dagoen bertan eta errepideen egoera.

Nola ez, datu batzuk ezinbestekoak dira. Jende askok uste du harremanetarako datuak edo aseguru-etxea direla datu garrantzitsuenak, baina benetan ezinbestekoa dena autoaren matrikula da, eta gidatzen ari zinetenon izen-abizenak eta NAN zenbakia. Noski, honako hauek ere zehaztea komeni da: telefonoa, autoaren marka eta modeloa, aseguru-etxearen izena eta poliza-zenbakia.

Adiskidetasunezko partea sinatu behar da?

Puntu horretan nahasmen handia dago: inkesta egin duten pertsonen % 73,7k nahitaezkoa dela erantzun du, % 70,4k sinatzeak erantzukizuna hartzea esan nahi duela adierazi du, eta % 46,2k uste du gomendagarria dela sinatzea, ados egon ez arren.

Egian esan, dokumentua bi gidariek sinatu behar dute baliozkoa izan dadin eta aseguru-etxeek erantzukizunak erabaki ahal izan ditzaten. Begi bistakoa badirudi ere, ez zaitez saiatu daturen bat aldatzen partea sinatu ondoren, hori zure kontra erabili bailiteke gero.

Garrantzitsua da partea ez sinatzea gertakarien kontakizunarekin ados ez bazaude. Bete datu pertsonalak, eta, sinatu gabe, deitu trafiko-agintariei, haiek izan daitezen istripuaren erantzukizuna argitzen dutenak.

Aseguratuak ezin badu partea sinatu, bere izenean nork sinatzen duen eta pertsona horrek zergatik sinatzen duen adierazi behar da.

Partearen atzealdea ez dago istripuaren unean bertan sinatu beharrik. Ondoren bete ahal izango duzu, eta norbaitek lesioak izan dituen, agintariek parte hartu duten, eta abar adierazi. Ondoren, partea bidali behar diozu aseguru-etxeari, istripua gertatu denetik 7 eguneko epean gehienez.

Laguntza behar baduzu edo istripu baten berri eman nahi badiguzu, 944 94 74 28 telefonoan erantzungo dizugu, edo gure webgunearen bidez.