Irudikatu egoera: zartadura ikaragarri batzuk agertzen dira zure etxean bizilagunak egiten ari diren obra batzuen ondorioz. Bueno, agian ez dira hain handiak, baina kontua da ez dutela konponketaren kargu egin nahi. Zer egin dezakegu? Orain kontatuko dizugu zergatik den hain garrantzitsua defentsa juridikoaren estaldura eta zein muga dituen.
Etxeko aseguru bat kontratatuta badaukazu, hauxe da lehendabizi egiaztatu behar duzuna: Defentsa juridikoa eta kalteen erreklamazioa aseguruan sartuta dauzkazun ala ez. Ziurrenik sartuta izango dituzu, eta, beraz, zure aseguru-etxea arduratuko da txikizio hori konpontzeaz eta prozedurak sor ditzakeen gastuak estaltzeaz.
Auto-aseguruen eta etxeko aseguruen aseguratzaileok eskaintzen dugun babes bat da defentsa juridikoa, balizko erreklamazio edo arazoen aurrean bezeroak babesteko. Santa Barbararekin trumoia ari duenean bakarrik gogoratzen garen bezala, estaldura honekin ere ahaztuta egoten gara hirugarren baten aurrean gure interesak defendatu behar ditugun arte.
Zenbat kostatzen da defentsa juridikoko estaldura?
Kontratatuta daukazun aseguruaren arabera, defentsa juridikoko estaldura polizan sartuta izango duzu. Aukerakoa bada, merezi du kontratatzea? Garestia izaten ez denez –urtean 30 eta 50 euro bitartean kostatzen da–, oso kontuan hartu beharreko aukera da. Pentsa erreklamazio eta prozesu judizialek ehun aldiz gehiagoko kostua izan dezaketela.
Zer sartzen da Defentsa Juridikoan eta Kalteen Erreklamazioan?
Pertsona aseguratu bat prozesu judizial edo administratibo batean sartuta egoteagatik izan ditzakeen gastuak estali ohi ditu berme honek. Lege-aholkularitza, epaiketa bateko defentsa eta erreklamazioen eta kalte-ordainen eskaera sartzen dira, besteak beste.
Aseguruan abokatu baten zerbitzua sartuta edukitzearen parekoa da, baina desberdintasun batekin: abokatuaren kostua aseguruaren kontura izango litzateke, eta notariotzako gastuak eta balizko epaiketa baten gastuak ere ez zenituzke ordaindu behar izango. Hori bai, betiere muga batzuen barnean. Hala ere, badaude defentsa juridikoko poliza espezifiko osoagoak ere, behar jakinak dituzten bezeroentzat.
Defentsa juridikoko estaldurak honako hauek barne hartzen ditu:
- abokatu baten orientazio juridikoa;
- pertsona aseguratuak edo haren ondasunek jasandako kalteengatik kalte-ordainak erreklamatzeko beharrezkoak diren gastu guztiak;
- erreklamazioak konponketa-obrengatik, eragozpenengatik, etab.;
- zigor-arloko defentsa (fede gaiztoz jokatu ez bada),
- kontsumoari lotutako gatazkak (adibidez, erreklamazio bat tindategiari, jantzi bat hondatu dizutelako).
Baina estaldurak asko aldatzen dira aseguru-etxearen eta aseguru-motaren arabera, eta, beraz, ezaugarriak eta estalitako mugak ez dira kasu guztietan berdinak izaten.
Lagun Aroren bezeroen kasuan
Gure etxe-aseguru guztietan berme hori sartuta daukagu, batzuetan aukerako gisa. Poliza guztiek daukate Fidantzak eta kostu judizialak izeneko bermea eta Telefono bidezko Orientazio Juridikoa (Etxea Oinarrizkoak izan ezik). Gainera, poliza-motaren arabera, Defentsa juridikoa sartzen da kontsumitzaile, errentatzaile edo maizter gisa, edo Defentsa juridiko zabaldua. Berme guztiak kontsulta ditzakezu gure webgunean.
Gure auto-aseguruek ez daukate berme hori horrela, bere horretan, hauxe baizik: kalteen erreklamazioa istripu baten kasuan.
Gainera, Hirugarrenentzakoa Optimoa, Hirugarrenentzakoa Plus eta Arrisku Orotakoa Plus modalitateek ‘Defentsa oinezko edo txirrindulari gisa’ sartuta daukate estalduretan. Horrela, erreklamazioa guk egingo dizugu istripu bat edukiz gero. Adibidez, ibilgailu motor batek harrapatzen bazaitu oinezkoentzako pasabide bat gurutzatzen ari zarela, edo espaloitik zoazela zaintiratua egiten baduzu hautsitako baldosa bat zapaltzeagatik. Eta ez zaitu zu bakarrik estaltzen. Aseguru Hartzailea babesteaz gain, zurekin bizi diren lehen mailako senideak ere estaltzen ditu.